Ian de la Rosak ezinezko maitasun baten inguruko istorio hunkigarria eraiki du Iván & Hadoum filmean (Filmin); LGTBIQ+ ikuspegitik kontatua eta begirada intimo zein sozial baten bidez garatua du guztia. Silver Chicon eta Hermina Loh dira filmeko protagonistak. Mundu mailako estreinaldia Berlinalen izan zuen, eta han Teddy Award entzutetsua irabazi zuen. Horrez gain, Malagako jaialdian Zilarrezko bi Biznaga sari eskuratu zituen: Gidoi Onenarena eta Epaimahaiaren Sari Berezia.
Almeriako (Espainia) negutegietan girotutako pelikulak Ivan gizon transaren eta Hadoum emakume hispaniar-marokoarraren arteko harremana kontatzen du. Biek negutegian egiten dute lan, baina Ivanek hainbeste desiratzen duen lan-igoerak eragina izango du bien arteko harremanean. Gainera, haien familiak maitasun horren aurka daude. Haien erlazioa desberdintasun ekonomikoek, lan-baldintza gogorrek eta tentsio kulturalek markatutako ingurune batean garatzen da.
Zuzendariak hondartzen, basamortuen eta negutegien artean mugitzen den paisaia bat sortzen du, eta espazio horiek desira eta aurkikuntza emozionalaren eszenatoki bihurtzen dira. Bi protagonisten arteko harremanaren bidez, filmak identitateaz, familiaz eta norberaren gorputzaren eta nahiaren konkistaz hitz egiten du.
Trans identitatearen tratamendua ere aipagarria da, Ivanen identitatea ez baita istorioaren gatazka nagusia. Genero-identitatea pertsonaiaren bizipenaren parte naturala da, bere garapen narratiboa monopolizatu gabe, eta horrek pertsonaiaren eraikuntza askoz aberatsagoa egiten du.
Erreferentzia erraz bat aipatze aldera Romeo eta Julieta-ren oihartzunak dituela esan liteke, agerikoa den eguneratze garaikide batekin. Kasu honetan, ordea, oztopoak ez datoz soilik desberdintasun kultural edo familiarrengatik; pertsonaien aukerak baldintzatzen dituzten egitura ekonomiko eta sozialek ere funtsezko papera dute.
Egia da filmak tonu eta egitura aldetik nolabaiteko klasizismoa duela; narratiboki ez da bereziki ausarta, eta batzuetan nahiko ildo tradizionalari jarraitzen dio. Baina horrek ez dio kentzen bere balioa; film polita eta sentikorra da, maitasun istorio xume baina zintzo bat eskaintzen duena, eta ohikoak ez diren protagonistak kontakizunaren erdigunean jartzeko ausardia erakusten duena.