urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Pantailetan Korrika Baionaraino

2024ko martxoaren 17a
05:00
Entzun

«Urteak pasatu ahala, gero eta hunkigarriagoa da». Zinez polita da hori entzutea Urtza Erraztiren ahotan, lehen Korrikaren (1980) sortzaile ero haietako baten hitzetan. Ostegunean esan zuen hori Erraztik, euskarazko hainbat komunikabidek Korrikaren hasieran egin zuten saio bateratuan. Programa hunkigarria aurkeztu zuten Ilaski Serranok (ETB) eta Naroa Iturrik (Hamaika). Ez zen lehen aldia, baina txalotzekoa da Korrikaren hasieran eta amaieran bat egitea ETBk, Hamaikak, BERRIAk, Kanaldudek eta tokiko beste zenbait telebistak. Benetan da garrantzitsua halako elkarlanaren fruitua ikus-entzuleek jasotzea. Mugaz gaindi, herri bat. «Zer polita den elkarrekin lan egitea», esan zion Iturrik Serranori amaieran. Konplizitate osoz, beste Korrika batzuetan ere egin duten moduan.

Korrikaren hasierako emanaldi horretan, euskararen alde lan nekaezinean ari den jendea agertu zen: Idoia Genua AEK-ko irakaslea, Mattin Sorzabalbere Irungo Korrika gehienak antolatu dituena, Ane Elordi Korrikako arduraduna, Asier Amondo Korrikako arduradun ohia, Kattina Haran Razin Iparraldeko Korrikako arduraduna, Ibai Xapot Baionako amaierako ekitaldiko koordinatzailea, Peio Jorajuria Seaskako presidentea... «Aitzinera goaz denok elkarrekin», esan zuen Jorajuriak saioan, txalaparta doinuak entzuten ziren bitartean.

Berriak, Hamaikak, ETBk eta beste hainbat hedabidek egin duten saio bateratua Korrikaren hasieran. Ilaski Serranok eta Naroa Iturrik aurkeztu dute.
Naroa Iturri eta Ilaski Serrano, ostegunean, Irunen (Gipuzkoa). Biek aurkeztu zuten Korrikaren hasierako telebista saio bateratua. JON URBE / FOKU

Kalean elkarrizketak egiten aritu ziren, bestalde, BERRIAko ikus-entzunezkoen taldeko Nagore Arin, Kanaldudeko Lorea Malharrancin, UKT Telebistako Mireia Galartza eta Goierri Telebistako Ainhoa Ibañez. Zuzeneko emanaldia zen, eta zinez ongi aritu ziren guztiak.

Saio berean, Serranok eta Iturrik Lander Garro idazle eta zinemagilea elkarrizketatu zuten. Oihaletxea dokumentala zuzendu du Garrok, eta, AEK-k ekoitzitako lan horretan, Azterketak Euskaraz mugimenduaren berri ematen da. Merezi du:

Oihaletxea dokumentala, osorik.

Dokumental horretan Elorri Faltxa Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko irakasle eta Azterketak Euskaraz kolektiboko kideak esaten duen zerbait oso garrantzitsua da belaunaldi berriei begira. «Ikasleei esaten diegu borrokatu behar dela beti, baina lortzen ahal dira gauza batzuk. Euskal Herrian inpresioa dugu etengabe borrokatzen garela, eta gauzak ez direla erraz irabazten. Baina irabaz daitezke, hala ere». Korrikak Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu du aurten. Eta, horren harira, Faltxak BERRIAn esan du harro daudela Korrikak beren aldarrikapena ezagutarazi duelako.

Korrika gauez

Harro dagoen herri bat ari da ttipi-ttapa korrika egunotan Euskal Herriko herrietan, hirietan, auzoetan eta herri arteko bideetan. Eta bide guztia zuzenean ikus daiteke pantailetan,streaming bidez. BERRIAren webgunean, AEKrenean, Hamaika telebistarenean eta EITBren Youtubeko kanalean. Badira hainbat modu telefonoko, ordenagailuko, tabletako edota telebista konektatuko pantailan Korrika ikusteko. Gau eta egun. Droga bat bezalakoa da, ez esan ezetz. Lo ezin hartu dagoen edonorentzat zer hobe pantaila batean Korrika gauez ikustea baino.

Irungo hasierako emanaldi bateratuan, Iban Iñaki Lantxo Korrikaren komunikazio arduraduna ere mintzatu zen. Aipatu zuen beste bide bat Korrikari egunotan jarraitzeko: sakelako telefonoan Korrikaren aplikazioa deskargatzea. Ez da txantxetakoa Korrikaren komunikazio taldeak egiten duen lana.

Euskarazko komunikabideek ere sekulako lana egiten dute egunotan Korrika herritarrei helarazteko. Adibideak asko dira: BERRIAren zuzeneko kontakizuna; Berria Telebistan bertsoekin batera doazen bideoak zoragarriak dira; Hamaikaren webgune berezian aurki daitezkeen harribitxiak. Esate baterako, Korrika kantuz kantu bideo sorta; edo ETB1eko Biba Korrika! gau parteko saioa.

Irratietan ere makina bat saio eder izango dira entzungai egunotan. Hilaren 24an, Baionan ere irrati saio bateratu bat entzun ahalko da. Baita euskarazko komunikabideen telebista saio bateratua ere, eguerdi partean, Korrikaren lekukoak gordea duen mezua entzuten den arte. Aipatutako hori guztia gauza handia da, herri bat harro sentitzeko kontua. Euskarazko komunikabideen ekinaren aldetik ere bai. Ez dadila goraipatu gabe utzi. Egin kantu eta korri: Mursegoren kantaren erritmoan. Harro, herri, Korrika!

23. Korrikaren bideoklipa.
 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.