Bideoa: Korrikaren bukaerako besta, zuzenean

Martxoaren 14tik 24ra, 2.700 kilometro, ehunka herri, milaka euskaltzale eta milioika taupada euskararen alde. Euskal Herria alderik alde zeharkatuko du 23. Korrikak, eta albiste honetan zuzenean ikusi ahal izango da, 24 orduz, etenik gabe.

2024ko martxoaren 14a
16:00
Entzun

Irundik Baionara 35 bat kilometro eskas daude; Donostiara baino (21 kilometro) doi bat gehiago. Baina euskaltzaleek 2.700 kilometro egingo dituzte mutur batetik bestera joateko, eta tartean igaroko dituzte zazpi herrialde, ehunka herri, milaka korrikalari eta milioika taupada. Euskararen alde. Albiste honetan 24 orduz etenik gabe ikusi ahal izango da euskararen aldeko 11 eguneko lasterketa momentu bakoitzean non dabilen, zuzenean.

Martxoaren 23an, larunbatean, Gatzagatik itzuliko da Korrika Gipuzkoara, eta Debagoienean eta Goierrin izango da goizean, eguerdian Tolosaldera iritsi arte. Handik Donostia aldera egingo du: 18:00 pasatxoan sartuko da, Martutenetik, eta, hiriko zenbait auzo igarota, 22:20an atera, Martutenetik berriro ere. Ondoren, Oiartzualdea eta Bortziriak zeharkatuko ditu, eta Saratik sartuko da Lapurdira, 04:40 aldera. Ordurako, martxoaren 24a izango da, Korrikaren azken eguna. 12:30 aldera iritsiko da Baionara. Mezua irakurriko dute segidan, eta, 13:30ean hasita, «jai handia» egingo dute.

Korrikako festa Baionan (HITZA)
 

Goizean hasirik eta gauera arte, animazio anitz izanen dira Baionako karriketan gaindi. Eguerdian, Euskal Herriko Laborantza Ganberak prestaturiko zikiroa izanen da Xaho plazan, 25 euroan; lekuak Korrikaren webgunean eros daitezke. AEK-ko arduradunek, ahal den heinean, garraio publikoa baliatzeko aholkatu dute.

Hendaiatik Baionara doan Txik Txak sareko 3. linea oren erdian behin ibiliko da, eta Baiona hiriguneko T1 eta T2 linea nagusiak indartu eginen dituzte. Autoz iritsiko direnentzat, Ametzondo merkataritza guneko aparkalekua irekia izanen da egun osoan, dohainik. Handik besta gunera joateko eta itzultzeko, autobusak izanen dira egun osoan hamabost minutuan behin, gauerdira arte. Joan-jina 2,40 euroan izanen da bidaiari bakoitzeko; 6,20 euroan bost laguneko taldeentzat.

Eraso sexista, arrazista eta homofoboen kontrako protokoloa ere plantan ezarri dute, erasorik gabeko gune bat sortzeko xedez. Prebentzio lana ziurtatuko du protokoloak, eta, erasorik gertatuko balitz, horiei erantzutea.

Azken kilometroak baionan

  • 12:07: San Leon biribilgunea: Gure Esku-k hartuko du lekukoa.

  • 12:09: Paulmy etorbidea: Etxerat, Bake Bidea.

  • 12:11: Euskaldunen plaza: Errigora.

  • 12:13: Suprefetura: alderdi politikoak.

  • 12:15: Zubi gorrira igotzeko bidea: sindikatuak.

  • 12:17: Henri Grenet zubia: UEMA, Udalbiltza.

  • 12:18: Autobus geltokia: Hekimen.

  • 12:21: Lesseps kaia: hezkuntza eragileak.

  • 12:23: Didam aitzina: Azterketak Euskaraz.

  • 12:25: Errepublika plaza: Euskal Konfederazioa, Kontseilua.

  • 12:27: San Izpiritu zubia: AEK.

  • 12:30: Askatasunaren plaza. Bukaera ekitaldia.

Batasun ibilbidea

Ane Elordi Korrikaren koordinatzailearen arabera, «Euskal Herriko askotariko eragileak batzen dituen egitasmo bakarrenetakoa» da Korrika. 11 egunez, Euskal Herri «ideala» ikusteko garaia da haren ustez, lurralde osoa zeharkatzeko aukera ematen duelako, jende guztia «pozik» dagoelako, eta euskaraz dakitenek ez dakitenekin bat egiten dutelako. Herritarrengan ere komunitate sentimendu hori sorraraztea da, hain zuzen, AEKren helburua. «Euskarak batuko gaitu, euskarak egingo gaitu herri, bakoitzak beretik bere ekarpena eginda eta onartuta bestea desberdina dela», zehaztu du Elordik.

Alde horretatik, gogorarazi du euskaldunek ere badituztela euskararen inguruko kezkak, eta norberari eta ondokoari exijentzia handiegia ezartzen zaiola askotan. Hain zuzen ere, hizkuntza bat erabiltzearen ardura ez dago soilik norberaren borondatearen menpe: «Nik euskaraz egin behar dut, baina nik euskaraz egin ahal izateko, behar dut aisialdi euskaldun baterako aukera, zerbitzu euskaldun batzuk izatea, administrazio euskaldun bat edukitzea...». Euskaraz aritzeko eremu seguruak eraikitzean datza gakoa, Elordiren ustez.

Euskararen aldeko aldarrikapena egiteko ez ezik, AEK sostengatzeko ere beharrezkoa da Korrika. «Espero dut egunen batean Korrika egitea plazerez eta ospatzeko Euskal Herria euskalduna dela; momentuz, AEK-k ezin du aurrera egin Korrika barik», aitortu du Elordik berak. Euskal Herri osoan egiten dute lan, eta hori «maneiatzea» ez da batere erraza kooperatibarentzat. «Horrek buruko minak dakartza, ze euskara eskolak diruz laguntzen dira, baina bestelako egitasmoak eta zerbitzuak ez». 

Hala eta guztiz ere, euskara zabaltzen jarraituko dutela argi du Korrikaren koordinatzaileak: «Guk normalizazioan lanean jarraituko dugu, uste baitugu euskara eskolek bakarrik ez dutela Euskal Herria euskaldunduko: beste arloetan ere eragin beharra dago». Nahiz eta horrek kalte ekonomikoak eragingo dizkien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.