Maiatzak 3 ditu. Heriotzara zigortu, eta exekutatu egin dituzte hiru anarkista Katalunian. Aurretik, beste 400 anarkista krudelki torturatu dituzte. Michele Angiolillo kazetari eta anarkista italiarrak mendeku hartu nahi du. Santa Agedako bainuetxean (Arrasate, Gipuzkoa) da Antonio Canovas del Castillo Espainiako Gobernuko presidentea abuztuaren 8ko goizean, prentsa irakurtzen, eta Angiolillok hiru tiro eman dizkio. Han bertan hil da presidentea. Angiolillo preso eraman dute, Bergarako (Gipuzkoa) Kartzela Zaharrera, eta patioan exekutatu du garrotearekin Gregorio Mayoral Sendino borreroak. 1897. urtea da.
Jauzi bat denboran, 129 urtekoa. Espainiako Gobernuko presidentea hil zuen hark azken orduak pasatu zituen ziegan Angiolillo Liburutegia dago orain. 2026ko maiatzean, han bertan aurkeztu du Sergio Izquierdok La hija del verdugo (Borreroaren alaba) komikia. Mayoral Sendino borreroaren alabaren oroitzapenetan oinarritutako liburua da.
Aurkezpenera joan da literaturazale bat, eta liburutegian Juan Luis Zabalaren Galdu arte eleberria hartu du. Azkoitiko gaztetxearen (Gipuzkoa) 1980ko hamarkadako gorabeherak kontatzen ditu, eta institutu batzuetan gomendatzen dute. Hasi da literaturazalea Euskaldunon Egunkaria-n Juan Luis Zabalak idatzitako artikulu batzuk begiratzen, eta haien artean deigarria egin zaio 1992ko martxoaren 29an argitaratutako elkarrizketa bat. Sarreran hala dakar idatzita: «Psikiatriaren aurkako hitzaldia eman zuen herenegun Leopoldo Maria Panerok, Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaiako Udalaren laguntzaz antolatutako ekitaldian». Pasai San Pedron izan da hitzaldia; hizlaria Santa Agedako ospitale psikiatrikotik atera da, baimenarekin. Hortaz, bainuetxea zena zentro psikiatrikoa bihurtu zen gero. Zabalak galdera poetari: «Santa Agedatik irteterik izango bazenu, antipsikiatria, okultismoa eta iraultza izango ziren zure zereginak, behin baino gehiagotan adierazi duzunez». Panerok Egunkaria-ko kazetariari: «Bai, Iraultzak zaborraren aurka borrokatzen duen bitartean, behintzat».

1997an, Luis Fernandezek tarteka Elkarrizketa imajinarioak idazten zituen Egunkaria-ko Kultura sailerako. 1997ko abuztuaren 23an, Leopoldo Maria Panerorena. Mattinen karikatura darama. Ohar bat amaieran; zera dio: Arrasatetik Kanaria uharteetara (Espainia) joana dela poeta madarikatua, elkarrizketa imajinario hura idatzi baino egun batzuk lehenago. Handik urte batzuetara, Kanaria uharteetan hil zen Leopoldo Maria Panero, 2014ko martxoaren 5ean.
Duela 50 urtekoak
Askotariko olerkien idazle izan zen Leopoldo Maria Panero. Hizketan ere poesia zerabilela zirudien batzuetan. El último hombre (1984) liburuan, Requiem izeneko olerki bat, Panerok Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-i eskainia. Hala dio: «Ni naiz gizon hil bat Pertur deitzen dutena/ gizonen afarian nork daki nire izena/ zerbait izango ote den: errautsa mahaian/ edo jakia ardoarentzat./ Barbaroek ez dute begietara begiratzen hitz egiten dutenean. Emakume bat bezala oroitzapenaren hondoan/ Pertur deitzen duten hildako gizon bat naiz».

Efemerideek —eta bestelakoek— ekarri dituzte aktualitatera Perturren zein Paneroren familiak. Uztailaren 14an, Pertur 1976ko udan desagertu izanak mobilizazio jendetsuak eragin zituen Euskal Herriko kaleetan. Manifestazio haietako batean, Guardia Zibilak Josu Zabala Erasun langile gaztea hil zuen, Hondarribian (Gipuzkoa). Zabala hil zutenetik sei egunera, irailaren 13an, Elias Kerejeta zinema ekoizleak El desencanto dokumentala kendu zuen Donostiako Zinemaldiko lehiaketatik. «Protesta gisa, Euskal Herria jasaten ari den errepresio bortitzaren aurka, eta beste behin modu tragiko eta beldurgarrian gauzatu diren azken gertakarien aurka, El desencanto filmaren errealizazioan parte hartu genuenok aho batez erabaki dugu filma kentzea Donostiako 24. Nazioarteko Zinemalditik». Gutunaren sinatzaileen artean zen Leopoldo Maria Panero bera.

Herenegun, 74. Donostiako Zinemaldiko lehen egunean, Klasikoak sailaren barnean, zaharberrituta eman zuten El desencanto (1976). Gaur berriz emango dute Principe aretoetan. Movistar Plus plataforman ikus daiteke. Baita sarean doan ere; bilaketa eginda, erraz topatu ahal da. Filmean zera kontatzen du poetak, amaren eta Michi anaiaren aurrean: «Logelan nituen pilulak ilaran, neure buruaz beste egiteko prest. Andaluziar kuxkuxero bat sartu zen logela miatzera. Eta gero, ospitale psikiatrikoetara eraman ninduzuen».
Aipatu du baten batek «justizia poetikoa» izan dela El desencanto Zinemaldian ikusi ahal izatea. Kerejetaren gutun esanguratsu hura sinatu zuenez gero, akaso justiziazkoa litzateke Leopoldo Maria Panero ere, Requiem olerkiarekin edo gabe, 2027an Perturri buruz egingo duten dokumentalean agertzea.