«Nahi genuke norbait gugana etortzea eta esatea baietz, gure osaba polizia batek hil zuela, indarkeria erabilita eta hiltzeko inolako arrazoirik eduki gabe. Eta idatzita geratzea hori». Duela 50 urte hil zuten Josu Zabala Erasun, 1976ko irailaren 8an, guardia zibil batek gibeletik tiro bat emanda. Urte horretan bertan desagertu zen Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko kidea, eta desagerpena salatzeko manifestazio bat egin zuten Hondarribian (Gipuzkoa). Hara joan zen Zabala, eta inoiz ez zen itzuli. Orain, mende erdi geroago, aitortza eta errekonozimendua eskuratua du familiak, baina badaukate zeren bila segi: justizia. Horretan dihardute Mari Paz Pui Lekuona Paxita Zabalaren koinatak (Hendaia, Lapurdi, 1939) eta ilobetako bik, Arantxa (Irun, Gipuzkoa, 1976) eta Belen Zabalak (Irun, Gipuzkoa, 1967).
«Senarrarekin nengoen [Juan Jose Zabala, Josu Zabalaren anaia zaharrena], eta Arantxarekin; sei hilabete eskas zituen. Alardea ikusten ari ginen, eta hantxe ikusi genuen Jesus Mari; guretzat ez zen Josu, baizik eta Jesus Mari. Oso pozik ari zen desfilatzen, esan zigun oso ondo bazkaldu zutela, eta aurrera segitu zuen, alai. Ikurrin bat zeraman brodatuta txaketan». Huraxe izan zen Puik koinatua ikusi zuen azkeneko aldia. Izan ere, handik berehala etxeratu ziren, eta bi ordu eskas barru dei bat iritsi zitzaien. «Gure lagun bat zen, eta esan zigun Jesus Mariri zerbait gertatua zitzaiola, eta joateko Gurutze Gorrira. Senarra segidan joan zen, eta han jakin zuen hilda zegoela anaia. Telefonoz hots egin zidan, eta hark eman zidan berria: ‘Paxita, Jesus Mari hil egin dute, eta Donostiara daramate’».
«Aldare nagusian bi polizia sekretu zeuden, eta ez ziren ohartu Irungo apaiz batek ikurrin txiki bat jarria zuela aldarearen bazter batean. Hori esan dezaket orain: meza osoa ikurrin batekin egin zen»
MARI PAZ PUI Josu Zabalaren koinata
Gurutze Gorrian lanean aritutakoa zen Zabalaren anaia zaharrena, eta ezagutzen zituen hango departamentuak. Ate bat ireki zuen, eta hiru guardia zibil ikusi zituen. Itxi eta bertze ate bat zabaldu zuenean, lurrean aurkitu zuen anaia, hilik.
Belen Zabala ilobarik zaharrena da familian, eta 15 urte zituen osaba hil zutenean, gertakariaz oroitzeko bertze. «Lehendabiziko festak nituen lagunekin», zehaztu du. «Herri osoa poliziek hartuta zegoen, eta ez genuen ulertzen zergatik. Arratsaldean, iskanbila lehertzen hasi zenean, kai aldera bidali gintuzten gazte guztiak, eta handik hondartzara». Behin hondartzan zirela, akorduan duenez, emakume batek erran zien etxera deitzeko, han jakin zezaten ondo zeudela denak. Berehala deitu zion amari, eta hark etxeratzeko agindu zion, notiziak zeudela etxean. «Ez dut gogoan nola iritsi nintzen hara, baina bai etxea goraino zegoela jendez, eta sartu ahala zera esan zidatela: ‘Osaba Jesus Mari hil egin dute’. Husten hasi zen etxea, eta gurasoek ere kanpora irten beharra zeukaten, osabaren kontuekin jarraitzera. Gure ahizpa oso txikia zen, eta etxean geratu nintzen harekin».

Puik ez zuen ikusi, baina badaki manifestazioa hasi bezain laster oldartu zela Polizia, eta jendeak ihesari eman ziola. «Manifestariak ez ziren oldartu, ez ziren haien kontra joan. Ihesean ari ziren, handik alde egin nahian, Polizia jendea jotzen hasia baitzen», erran du. Zabala ere lasterka hasi zen, eta kalexka batean sartu; gibeletik egin zioten tiro. «Edozein izan zitekeen», gehitu du Belen Zabalak. «Esan nahi dut: ez ziren zuzenean haren kontra joan, ihesean zebilen jendearen atzetik hasi ziren».
Doluminak eta zaintza
Ondorengo egunak «oso-oso gogorrak» izan ziren familiarentzat, hirurek baieztatu dutenez. «Doluminak ematen zizkiguten kaletik, manifestazioak antolatu zituzten, etxera etortzen zen jendea... Euskal Herri osoa altxatu zen», kontatu du Puik.
Mende erdi igaro da ordutik, eta denborak berak lagundu du, iloba zaharrenaren ustez, egoera bertze modu batera irakurtzen. «Garai hartan nik ez nekien trantsizio betean geundela, Franco hila zela eta herria horregatik zegoela hain hari tenkatuan. Ematen zuen gauzak egin zitezkeela, baina, berez-berez, ezin zen ezer egin». Eta, halere, «babes izugarria» sumatu zuten, sozialki «oso-oso zainduta» sentitu ziren. Ez sozialki bakarrik: hainbat sindikatuk eta udalek egin zuten salaketa eta babestu zuten familia, baita Elizak ere.
«Orain atzera begiratzen dut, eta pentsatzen dut Euskal Herriarentzat, oro har, oso urte gogorra izan zela: oso fuerte hasi zen, eta hilketa batekin amaitu. Sozialki, erantzuna ia automatikoa izan zen, jendea oso prest agertu zen gure ondoan egoteko», azaldu du Belen Zabalak.
Familiari dagokionez, senidearen hilketak anitz elkartu zituen, elkarri lotu, eta halatsu jarraitzen dute egun, Arantxa Zabalaren erranetan. «Halako gertakariek zerbait berezia sortzen dute familian».
Autopsia: bala erregistrorik ez. Horren ordez, bizkarrezurraren haustura eta hemoperitoneo handia. Ez dago bertze deus idatzita. Eta horra arrazoia: autopsia ez zioten medikuek egin, baizik eta mediku militarrek. Medikuek protesta egin zuten, baina ez zuen «ezertarako» balio izan. Maindire batekin tapatu zuten Zabala, kutxa batean sartu, eta Irungo hilerrira eraman.
Guardia zibilek inguratuta ailegatu ziren Irunera; «pentsa, lau agentek gaueko zaintza eta guzti egin zuten». Lurperatu aitzinetik gorpua ikustea galdegin zieten, baina ez zieten utzi, eta etsi ere egin zuten ia. Ehorzle bat iritsi zen arte: «Hobiratu ahal izateko, kanpora ateratzeko agindu zien guardia zibilei, eta orduantxe utzi zigun gorpua ikusten. Bularretik hasi eta gerrira arteko orbaina zuen». Behatzekin seinalatu du Puik orbanaren luzera.
«Ez dut gogoan nola iritsi nintzen hara, baina bai etxea goraino zegoela jendez, eta sartu ahala zera esan zidatela: ‘Osaba Jesus Mari hil egin dute’»
BELEN ZABALA Josu Zabalaren iloba
Biharamunean panteoian sartu behar zuten gorpua, eta, hara joan zirenean, lorez lepo eta ikurrin handi batekin aurkitu zuten lekua. «Debekatuta zegoen ikurrina, eta oraindik ere ez dakigu nork jarri zuen».
Baina ez zituzten kentzera behartu, eta mezatara joan ziren handik, poliziekin batera hori ere. Bertze sorpresa bat han: «Aldare nagusian bi polizia sekretu zeuden, baina ez ziren ohartu Irungo apaiz batek ikurrin txiki bat jarria zuela aldarearen bazter batean. Hori esan dezaket orain: meza osoa ikurrin batekin egin zen», erran du koinatak. Hileta elizkizun gehiago ere egin zituzten, hala nola Donostian eta Hondarribian, eta «alkate bat bera ere» ez zen agertu. Ez alkaterik, ez eta zinegotzirik ere.
Bukatu ziren hiletak, eta aitzinera segitu behar. «Niri Jesus Mariren aitak pena handia ematen zidan. Negar eta negar aritzen zen, eta penaz hil zen, semea hil eta bi urtera», esplikatu du Puik. Ama, berriz, «oso sinestuna» zen, eta anitz joaten zen elizara, hurbilekoa zuen parroko batekin konfesatzera. «Ahal zuen lekutik indarra atera zuen amak; aitak ezin izan zuen».

Josu Zabalaren hilketak bi eragin politiko zitzakeen familian: urrundu, edo militantziara lotu. «Urrundu, behintzat, ez gintuen egin», erran du Arantxa Zabalak. Hain sentitu ziren babestuak, hain kontuan hartuak, ezen lotura politikoa estutu baitzien. Ahizpari dagokionez, «aldaketa handia» eragin zuen osabaren hilketak. «15 urterekin ez nekien politikaz, baina egoerak nahitaez eskatzen zuen posizionamendu bat aukeratzea. Ez dut uste momentuan politikaren atzetik nenbilenik, baina bai justiziaren atzetik. Bidezkotasunaren alde egitea ateratzen zitzaidan; ikusten nituen eta jasaten nituen bidegabekeriak salatzea erabaki nuen, eta hori osabaren hilketak eragin zuen; ez daukat zalantzarik».
Familia ere hortik zetorren: justizia bilatzetik eta haren alde borrokatzetik. Eta deus zuzenean esplikatu gabe transmititu zieten, nonbait, borrokarako grina. «Gure izeba bat, esaterako, Hendaian aritzen zen lanean, alpargatak egiteko leku batean, eta han sobratutako telekin ikurrinak egiten zituen». Arrebak egindakoa zen Zabalak hil zen egunean soinean zeraman ikurrina. «Alegia, gure familia borrokalaria izan da beti, eta osabaren hilketak are gehiago bultzatu gintuen horra».
Gurasoak, isilik
Alabaina, beti ez da erraza izaten borrokatzea, ez eta sentimenduak hitzetan jartzea ere. Puik oroitu duenez, Zabalaren gurasoek sekula ez zuten hitz egin semearen hilketaz. «Ez zuten nahi, ezin zuten. Amak telegrama pila bat jasotzen zituen, baina ez zuen ezer jakin nahi horretaz, ez zuen berriz dena bizi nahi».
Iloben etxean desberdina zen egoera, gurasoek txikitatik kontatu baitzieten nor zen osaba eta zer gertatu zitzaion. «Josuren senide bakoitzak desberdin bizi izan du egoera, eta bakoitzak bere moduan kontatu du, baina oso presente dugu gaia; beti izan dugu gogoan. Batzuek historia azaletik-edo kontatu dute, minetan sakondu gabe, eta beste batzuek min eta guzti transmititu dute dena».
Arantxa Zabalak, erraterako, etxean kontatu diotelako daki osabaren historia, baina ez daki zehazki noiz esplikatu zioten. Ez baitzen egun bateko gauza izan, baizik eta txikitatik esplikatu eta landutako zerbait. Urtero-urtero joaten ziren, gainera, irailaren 8ko omenaldira. Berrogeigarren urteurrenean esposizio bat egin zuten Hondarribian, urteroko ekitaldien segidan, baina hortik aitzinera erabaki zuten ez zutela aparteko ekitaldirik eginen, ez bazen loreak jartzera joatea. «Josuren anai-arrebak hiltzen hasi ziren, eta, festa bete-beteko eguna izaten denez, erabaki zen zerbait txikiagoa egingo zela aurrerantzean». Aurten, urteurren borobila denez, ekitaldi berezia eginen dute, Hondarribiko eta Irungo udalekin eta hainbat mugimendu sozialekin batera.
Hil zuten egunaren biharamunean zaku bat jarri zuten orain loreak jartzen zaizkion lekuan, dirua biltzeko, eta gero Zabalaren gurasoei eman zieten. «Baina haiek ez zuten dirurik nahi», oroitzen du koinatak, eta amak pentsatu zuen elizari emango ziola sosa. «Hurbilekoa zuen parroko hark ez zion utzi hori egiten, eta gordetzeko agindu zion. Diru hori erabili zuten, adibidez, panteoia egiteko».
«Beste alde bateko biktima bat izan balitz, aspaldi lortuak izango zituen aitortza, justizia eta erreparazioa. Guk 50 urte daramatzagu eskean, eta ez zaigu ezer iritsi»
ARANTXA ZABALA Josu Zabalaren iloba
Eusko Jaurlaritzak biktima ofizial gisa aitortua du Zabala, eta Espainiako Gobernuak berriki aitortu du arrazoi politikoengatik hil zutela. Baina polizia indarkeriaren aitortzarik ez dute inoiz egin. Errekonozimendua badaukate, aitortza badaukate, eta justizia falta zaie. Enrique Pascual, Zabalaren hiltzailea, bizirik eta amnistiatua dago, eta horixe da, hain justu, berak orain erraten duena: dagoeneko amnistiatuta dagoela, prozesua legalki egin zela, eta ez berak ez Guardia Zibilak ez dutela ezer aitortzekorik. 1978an atera zen kartzelatik.
«Justizia eskuratzeko, behar genuke onartzea polizia indarkeriak hil zuela osaba, eta ez gurea bakarrik, zeren gure gisako kasu pila bat daude Euskal Herrian». 50 urte pasatu dira, eta oraindik ez dute halakorik lortu. «Beste alde bateko biktima bat izan balitz, aspaldi lortuak izango zituen aitortza, justizia eta erreparazioa», erran du Arantxa Zabalak.

Justiziarik eskuratu ez izanak ez du erran nahi, baina, justiziarik eskatu ez dutenik. Ferrolgo (Galizia) artxibo militarrean dago Zabalaren espediente juridikoa, eta behin baino gehiagotan galdegin dute familiari bidaltzea. Eta iritsi, iritsi zaie, baina ez esperotako moduan: tapatuta daude izen-abizen eta NAN zenbaki guztiak. Beraz, ez dakite nor egon zen egun hartan Hondarribian. «Datuen Babeserako Legearen arabera, 50 urte pasatu direnez, ezin da izen-abizenik eman. Edonola ere, Memoria Historikoaren Legea aldatu egin da pixka bat, eta badirudi orain zilegi dela informazioa osorik eskuratzea. Eskatu dugu espedientea berriz; ea zerbait iristen zaigun», erran du Belen Zabalak.
Hirurek dute iritzi bera udalen inguruan: Hondarribikoa hasieratik izan dutela ondoan, eta Irungoak ez duela «ezer» egin. «Mercedes Iridoi zen orduko alkatea, eta laguntza ikaragarria eman zigun. Udala beti egon da prest eskatutakoari erantzuteko», azaldu dute Hondarribikoaz. Irungo Udalak, berriz, duela urte batzuk hots egin zion familiari, galdetzeko ea terrorismoaren biktimak oroitzeko tokian osabaren izena jartzerik nahi ote zuten. «Guk esan genien ezetz, gu ez ginela terrorismoaren biktimak, baizik eta polizia indarkeriarenak. Baina ez horregatik bakarrik: toki horretan, beste askorekin batera, Meliton Manzanas torturatzailea omentzen zuten, eta gu ez geunden prest gure osabaren izena torturatzaile eta hiltzaile batenaren ondoan jartzeko. Manzanas, gainera, gure aitonaren torturatzailea izan zen, Josuren aitarena», esplikatu du Belen Zabalak. Ezetz erran zioten, eta orain, urteurrenaren harira, badirudi zerbait ari direla martxan jartzen, zenbait bilera egin baitituzte familiarekin. «Ikusiko dugu zer ateratzen den hortik».