urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Peter Watkins, gaur

2025eko abenduaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainaren 15ean, iritzi tarte honetara heldu zen La Commune (Paris, 1871) dokumentala (2000), aurten 25 urte bete dituzten harribitxien bilduma batean ikusgai zegoela eta. Parisko Komuna historiako lehen gobernu iraultzaile eta sozialista erradikala izan zen, eta hango herritarrek bizi izandakoa dokumental faltsu baten bitartez kontatu zuen Peter Watkinsek; lan hark lerro batzuk merezi zituen. Urriaren 31n hil zen zinemagile britaniarra, Bourganeufen (Frantzia). Eta merezi du berriro Watkins hona ekartzea. Zinemagile aitzindaria izan zelako, batetik. Eta haren filmek gaurkotasuna dutelako, bestetik. Formalki eta eduki aldetik, Watkinsek utzitako ondareak askorako ematen du. Ezin da ahanzturan gelditu.

Peter Watkins zinemagilea 'The War Game' filmaren grabaketetan, 1965ean
Peter Watkins zinemagilea 'The War Game' filmaren grabaketetan, 1965ean. BERRIA

Watkinsek birsortze errealistak eraman zituen pantailara, testuinguru historiko desberdinetan eta erakunde militarrak kritikatuz sarri. Gobernuen jukutriak eta komunikabideen manipulazioa salatuz, molde berritzailez. Distopiak erabiliz zenbait kasutan, eta haietan indarkeria mahai gainean jarrita. Gatazka politikoak kontakizunaren bataila dira Watkinsentzat, eta horiei formalki modu erradikalean ekiten die zuzendariak.

1935ean Norbitonen (Ingalaterran) jaioa, Watkins publizitate arloko produkzioan hasi zen lanean. Film labur batzuk zuzentzeari ekin zion berehala —autoreak berak finantzatutako lanak—, eta berehala hasi zen lan horietan drama eta dokumentala nahasten. 

BBCn lanean zen Watkins, eta halako batean bi dokumental filmatzeko kontratua eskaini zioten. 1746ko Cullodengo batailaren inguruko gaia proposatu zioten, eta 1964an estreinatu zuen Culloden. Berezia da lana, XVIII. mendeko bataila baten erdian kazetari batzuk armadako buruzagiak eta soldaduak elkarrizketatzen ageri baitira. Hau da, telebista erreportaje baten osagaiak anakronismoz betetzen ditu. Beste garai batera eramaten ditu.

Culloden filma (1964)
'Culloden' dokumentala (1964). BBCrentzat egin zuen Watkinsek. FILMIN

Hurrengo dokumentalak, 1965ekoak, hautsak harrotu zituen. The War Game zientzia-fikziozko dokumental faltsu bat da, eta bertan kontatzen da Sobietar Batasunak eraso nuklear bortitza egiten duela Ingalaterran. Eraso hark herritarrengan duen eragina jasotzen du Watkinsek, irudi gordinak erabilita. Errealismoz beterik dago filma, albistegietan emango balute bezala gertatzen ari dena. Eta Erresuma Batuko Gobernuak aginduta, BBCk ez zuen emititu iragarria zegoen egunean: 1966ko abuztuaren 6an. Veneziako zinema jaialdian saritu zuten, film labur onenaren Bafta saria jaso zuen, eta 1967an dokumental onenaren Oscar saria eman zioten —fikziozkoa izan arren—. BBCn, ordea, ez zuten 1985era arte emititu.

AEBen indarkeria

Gobernu totalitario batek kontrolatutako entretenimenduaren industrian girotu zuen hurrengo filma Watkinsek: Privilege (1967). Berehala Erresuma Batutik joatea erabaki zuen zinemagileak, BBCren zentsurarekin ez baitzen batere pozik, eta beste herrialde batzuetan bilatu zuen finantzaketa hurrengo proiektuetarako.

The War Game (1965)
The War Game (1965).

Askotariko proiektuei ekin zien hurrengo urteetan. Edvard Munch margolariaren inguruko telefilm bat zuzendu zuen Norvegian, 1973an. Eta Eskandinaviako herrialdeetan aurkitu zuen beste film batzuetarako finantzaketa.

Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, Punishment Park filma egin zuen 1971n. Gogorra da film distopiko hori: iradokitzailea eta gaurkotasun handikoa, aldi berean. Sistemaren ertzetan dabiltzan aktibista batzuk epaitu egiten dituzte, eta aukeran ematen diete espetxera joan ala Punishment Parkera. Basamortu baten erdian dago zigor parke hori, eta gatibuek hiru eguneko epea dute AEBetako bandera bat dagoen tokira iristeko. Atzetik izango dituzte poliziak, tiroka. Epaileen aurrean ageri den aktibista batek aipatzen du AEBak «indarkeriaren bidez eraikiak» daudela: Afrikatik eramandako esklabo beltzen kontrako indarkeriaz, eta garai batean indioei lurrak eta bizia kentzeko erabilitakoaz. Baditu filmak 54 urte, eta zer izan da ba AEBen jarduna azken mendean, indarkeriaz betetako nagusikeria kolonialista baino? Nolakoa da ba gaur-gaurkoz Donald Trumpen gobernuak edozein disidentziaren aurka duen jokabidea?

Punishment Park dokumentala (1971)
'Punishment Park' filma (1971) AEBetan dago girotuta. FILMIN

Bizirik da Watkinsen zinema politikoa. Telebistaren eta zinema komertzialaren inguruko saiakera mamitsua ere idatzi zuen Watkinsek: Media Crisis (2004). Komunikabideen aurrean herritarrek jasaten duten menderatzea sakonki aztertu zuen. Ideia haiek indartu baino ez dira egin.

Indarkeria ari du. Fronte guztietan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.