benat erezuma
Funtzio sigmoidea

Pilulatik pantailara

2026ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren Mundu Gerraren ostean, jaiotza-eztanda gertatu zen mendebaldeko herrialde gehienetan. 1946 eta 1964 bitartean jaiotakoak dira boomer belaunaldiko kideak; gaur egun, 62 eta 80 urte bitarteko herritarrak dira, Euskal Herriko biztanleen %22 inguru.

Baina eztanda hori sendagai batek apaldu zuen. 1957an, AEBetako sendagaien agentziak Enovid pilula onartu zuen. Hasieran ez zen antisorgailu gisa merkaturatu, hilekoaren desorekak eta abortu-arriskuak tratatzeko baizik. Pilularen ontziak abisu bat zekarren: bigarren mailako ondorio gisa obulazioa eteten zuen. Emakume askok, oharra irakurtzean, bilatzen zuten irtenbidea aurkitu zuten. 1960an antisorgailu gisa ofizialki onartu zenerako, milaka emakumek erabiltzen zuten efektu horren bila.

Euskal Herrian, antisorgailuen hedapenak bi erritmo izan zituen. Iparraldean, 1967ko Neuwirth Legeak antisorgailuak legeztatu zituen. Hegoaldean, aldiz, 1978ra arte itxaron behar izan zuten antisorgailuen banaketa ofiziala ikusteko, diktadurak debekatuak baitzituen.

Gaur egungo datuek jaiotzen gainbehera berresten dute: ugalkortasun-tasa sintetikoa 1,6 ingurukoa da Ipar Euskal Herrian, eta 1,1 ingurukoa Hego Euskal Herrian. Teknologiak jaiotzak planifikatzea eta guraso izateko adina atzeratzea ahalbidetu du, baina badira joera hori azkartzen ari diren faktore berriak.

Gazteen sexu-ohiturak nabarmen aldatu dira, Kate Julian kazetariaren The Sex Recession (Sexu-atzeraldia) artikuluak azaleratu zuen bezala. 1990eko hamarkadan, mendebaldeko herrialdeetako 18 eta 29 urte bitarteko gazteen %55ek gutxienez astean behin izaten zituen sexu-harremanak. Gaur egun, zifra hori %37ra jaitsi da. Zergatik?

Anna Lembke Stanfordeko Unibertsitateko psikiatrak dopaminaren eta teknologiaren arteko harremanean jarri du fokua. Bere tesiaren arabera, garunak esfortzu baxuko sariak lehenesten ditu. Sexuak esfortzu kognitiboa, negoziazio soziala eta mugimendu fisikoa eskatzen du, eta algoritmoek, berriz, berehalako dopamina-dosia eskaintzen dute, inolako ahaleginik gabe. Horrek libidoa lokartzen du. Faktore neurologiko horren gainetik etxebizitzaren krisia eta gazteek bizi duten prekaritatea ditugu. Koktel hori ikusita, jaiotzek beheranzko joerarekin jarraituko dutela dirudi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA