Espekulatu hitza latinezko speculāri aditzetik dator. Hori, era berean, speculum hitzetik eratorria da, eta ispilua esan nahi du. Eta speculum hitzak specere aditzean du erroa, eta begiratu edo behatu esan nahi du.
Espekulatzean edo etorkizunera begira jartzean, gaur egungo errealitatearen begiradatik egiten dugu hori, halabeharrez. Interesgarria da 1900. urte inguruan, Jean-Marc Cote eta ilustratzaile talde batek egin zuena. Hainbat irudiren bidez marraztu zuten 2000. urteko balizko errealitatea. Irudiok postal moduan saldu behar ziren arren, ez ziren inoiz banatu. Ezagutzen den postal sorta bakarra Isaac Asimov idazleak eskuratu zuena da, eta bere Futuredays: A Nineteenth Century Vision of the Year 2000 liburuan aurkeztu zuen.
Benetan bitxiak dira irudiok. Horietariko baten jarriko dugu arreta. Ilustrazioaren izena da The Rural Postman edo landako postaria. Bertan ikus dezakegu 1900. urtean marrazkilariak nola irudikatzen zuen 2000. urteko postaria. Irudian bada postari bat, hegaz egiten duen gailu baten gainean, etxe baten balkoian dagoen pertsona bati gutunak eskura ematen. Postari hegalaria da.
Irudigileak garai hartako errealitateari gehitu zion hegaz egiteko ahalmena. Gaur egun, baina, oraindik, postariek gutunak oinez banatzen dituzte. 1900. urtean egin zen espekulazio ariketa hartan ez zen aurreikusi beste hau: XXI. mendean, pertsonen artean idatziko ziren mezu gehienak Internet izeneko saretik zabalduko ziren.
Adimen artifizial sortzailearen garai honetan, etorkizunera begirako ariketak biderkatu egin dira. Eszenatoki desberdinak irudikatzen ditugu buruan. Arazoa da, sarritan, ez dakigula zer ez dakigun.
2100. urtean, robotek egingo al dute gaur egungo lan gehiena? Hizkuntzarik ikasi beharko al dute etorkizuneko gazteek, lehen hizkuntzaz gain? Ezin jakin. Baina agian, datorrena irudikatzen hasteko, egokiena izan daiteke bestelako hau: gaur arte, behin eta berriz errepikatu denaz jabetzea, ispilura arretaz begiratzea. Atzera begiratze horrek gutxienez eskainiko dizkigu etorkizuneko gizarteaz espekulatzeko gako batzuk.