benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Putz eta putz

2025eko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

XX. mendearen azken hamarkadan izan genituen, besteak beste, grunge mugimendua, Nokia konpainia eta Lizarra-Garaziko akordioa. Baten batek gogoratuko du puntucom burbuila ere. Azken horretan, mugimendu ekonomiko espekulatibo izugarriak izan ziren 1997. eta 2001. urteen artean. Berdin zuen enpresa teknologikoek eskaintzen zutena zer zen; Internet hitza aipatzea nahikoa zen etorkizun oparodun enpresa izateko. Baina bat-batean, danba! 2001. urte hartan, burtsan, puntucom burbuila zulatu zen. A zer triskantzak ikusi genituen! Argi zegoen Internet zela etorkizuna, baina oraindik ez genekien zein enpresa eta zerbitzu izango ziren hurrengo hamarkadetako irabazleak.

Gogoratzen al duzu The Big Short filma? Bertan kontatzen zen 2008ko finantza-krisia aurreikusi zuten inbertitzaile batzuen benetako istorioa. Horien artean zegoen Michael Burry. Bera eta beste gutxi batzuk konturatu ziren AEBetako etxebizitza-merkatua kalitate eskaseko hipoteketan oinarritutako burbuila bat zela. Handik hilabeteetara etorriko ziren Lehman Brothers konpainiaren porrota, mundu osora zabaldu zen krisia eta guztion artean ordaindutako bankuen erreskatea.

Azken urteotan, enpresa teknologiko handienak milaka milioi euro inbertitzen ari dira adimen artifizialaren esparruan. Haiek diotenez, iraultza industriala bezalako paradigma-aldaketa bat izango da adimen artifizialarena. Produktibitatea izugarri handituko omen da, enpresa horien irabaziak biderkatuko dira, eta horrek guztiak gaur egungo burtsako balorazio altuak justifikatuko lituzke. Baina zer gertatuko litzateke espektatiba horiek apaldu ezkero? 

Gure ustez, adimen artifizialak esparru bezala izango du zeresan handia etorkizunean, batez ere medikuntza eta robotikaren eskutik. Baina hona ekarri nahi dugu Michael Burryk egin duen azken apustua. AAren industrian lan egiten duten bi enpresa erraldoi jomugan jarri ditu: Nvidia eta Palantir. Inbertitzaile estatubatuarrak bere portfolioaren %80 erabili du bi enpresa horien aurka inbertitzeko. Bere iritziz, AAren esparruaren barruan gertatuko da hurrengo burbuilaren zulaketa. Eta agian zuzen dago. Baina horrelako apustuek arazo bat izan ohi dute aldagai batekin: denbora. Ez baita gauza bera iragarpenak epe laburrean betetzea edo hogei urte barru. Ikusiko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.