urtzi urkizu
Zinema

Saritutako film onak ez daude Netflixen

2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Eduki asko dago Netflix plataforman, barra-barra. Lan txukunak, erdipurdikoak eta eskasak. Baina datua hauxe da: azken urtebetean nazioartean saririk garrantzitsuenak jaso dituzten fikziozko filmak ezin dira ikusi ordainpeko plataforma horretan. Litekeena da egun gutxi barru lerro hauetan Netflixeko ekoizpenen baten inguruan aritzea, baina zinemazaleak jakin dezala non dauden saritutako film onenak.

Christopher Nolan zinemagilearen Oppenheimer filmak zazpi Oscar sari jaso zituen, tartean film onenarena. Interesgarria da, mamitsua, eta interpretazio aparta egiten du rol protagonistan Cillian Murphyk. Sky Showtime plataforman ikus daiteke, kostu gehigarririk gabe; beste toki batzuetan ordaindu egin behar da hiru orduko lana ikusteko.

Oppenheimer filmaren trailerra.

Iazko udan, aretoetan arrakasta handia izan zuten Oppenheimer eta Barbie filmek. Azken horrek ez ditu hainbeste sari jaso, baina sona handia izan zuen; eta, bide batez, aipatu behar da HBO Max plataforman dagoela ikusgai.

Onak dira bi pelikula horiek, baina are hobea da Justine Triet zinemagilearen Anatomie d'une chute. Cannesko jaialdian Urrezko Maskorra irabazi zuen; ondotik iritsi ziren beste hainbat sari, tartean Europako Zinemaren Sarietan lau, eta gidoi onenaren Oscar saria ere jaso zuen. Epaiketa bat dago filmaren bizkarrezurrean, eta hausnarketa interesgarria egin zuen duela bi aste Nekane San Miguelek BERRIAn. Baina, gidoi bikainaz gain, Trietek lortzen du ikuslea lehen unetik kolkotik hartu eta pantailan gertatzen denari itsatsita mantentzea, amaiera arte. Mami asko du filmak, eta istorioa ezin hobeki dago kontatua. Trieten maistra lana ezin da Netflixen ikusi, ez. Bai, ordea, Filmin eta Movistar Plus plataformetan; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hainbat plataformatan ikus daiteke, baina aparteko dirutxo bat ordainduta. Zinemazale askoren oroimenean luzaroan geldituko den lan bat da.

Anatomie d'une chute filmaren trailerra.

Sandra Hueller Alemaniako aktoreak antzezten du rol protagonista Trieten pelikulan. Jaso ditu sariak, eta hautagaia izan zen Oscar sarietan. Eta Hueller bera azken urteko beste film esanguratsu batean aritu da: The Zone of Interest. Nazien inguruko film hori Jonathan Glazerrek zuzendu du. Filma maiatzaren 10ean iritsiko da Movistar Plusera eta Filminera.

Huellerren mailako aktorea edo hobea da Emma Stone. Hark irabazi du Oscar saria, Yorgos Lanthimos zinemagile sailkaezinaren Poor Things filmean egindako lanagatik. Ez da Lanthimosen filmik onena, baina gozatzeko modukoa da duen estetika. Baita Stonen beraren interpretazioa ere. Disney Plus plataforman dago ikusgai.

Poor things filmaren trailerra.

Joan den igandean, Nerea Arrutik artikulu bat idatzi zuen BERRIAn Poor Things-i buruz. Baina ez Lanthimosen filmaz, Alasdair Gray Eskoziako idazlearen izen bereko eleberriaz baizik. Liburua irakurtzeko jakin-mina pizten du Arrutik Nasan gehigarrian idatzi zuen testuak.

Euskal Herriko zinemagileen filmak

Aipatutako horiek dira azken urtebetean nazioartean sari eta sona gehien izan dituzten filmak. Baina Euskal Herriko zinemagileen lanei begiratzea ere ez dago sobran. Sari askorik jaso ez duen arren, Victor Erizek (Karrantza, Bizkaia, 1940) zuzendutako Cerrar los ojos iazko bigarren film onena izan zen Cahiers du Cinema aldizkari prestigiotsuaren zerrendaren arabera. Argentinako Trenque Lauquen jarri zuten lehen tokian. Erizeren lan ederra Movistar Plusen dago ikusgai, eta plataforma berean ikus daiteke Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen Jaione CambordarenO' corno ere (galegoz). Zerbitzu bereko katalogoan jarri dute Pablo Bergerren Robot Dreams animaziozko filma.

'CERRAR LOS OJOS'
Victor Erizeren Cerrar los ojos filmaren fotograma bat. BERRIA

Estibaliz Urresolaren (Laudio, Araba, 1984) 20.000 especies de abejas filma izan da, bestalde, azken urtebetean sari gehien jaso duen euskal ekoizpena. Eta, sarien artean garrantzitsuena, Berlinalen Sofia Otero txikiari eman ziotena aipatu behar da. Movistar Plusen zein Primeran doako plataforman ikus daiteke Urresolaren lana.

Askoren oroimenean, bestalde, urrun geldituko da Paul Urkijoren (Gasteiz, 1984) Irati euskarazko filma. Baina lan hark irabazi zituen sari batzuk, eta hori izan da aretoetan inoiz euskarazko film batek ikus-entzule gehien izan duen lana: 160.000 ikus-entzule baino gehiago. Hori ere ez dago Netflixen, Amazon Prime Video plataforman baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.