benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Sektaren salbazioa

2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hon-Ming Chen izeneko taiwandarra ateoa zen, 1992an erlijio-errebelazio bat izan zuen arte. Jainkoak bidali zion mezua hau izan zen: erlijioan oinarritu beharko zuen bere bizitza. Hortik aurrera, Taiwanen bertan, sekta batean parte hartzen hasi zen. Bertan, dirutza izugarria ordaindu zion talde hartako buruzagiari. Handik hilabete batzuetara, adierazi zuen bekataria zela Jainkoaren izenean dirua irabazten zuen edonor. Hori dela eta, sekta utzi eta, hainbat kiderekin batera, beste sekta bat sortzeari ekin zion, Soul Light Resurgence Association (SLRA) izenekoa, eta hango liderra bihurtu zen.

1997an, sektako kideak AEBetako Garland (Texas) herrira joan ziren bizitzera. Bertan, Jainkoaren Salbazio Eliza izenarekin erregistratu ziren. Zein izan zen herrialdez aldatzeko arrazoia? Liderraren esanetan, hondamendi nuklearra laster iristekoa zen; horrekin batera, krisi ekonomiko larria eta sute izugarriak biziko ziren Asian. Ipar Amerika Jainkoaren Lurralde Garbia omen zen Chenen ustetan. Eta egoera apokaliptiko hartatik salbatzeko, Jainkoa etorriko zen plater hegalari batean Lurrera, sektako kide guztiak plater hegalarian sartu eta Martera eramango zituen.

Istorio horren alderdirik interesgarriena, nire ustez, zera da: sektako buruak Jainkoaren etorreraren data zehatza eskaini zuela. Haren esanetan, 1998. urteko martxoaren 31n, goizeko hamarretan, Jainkoa agertuko zen Garland herrian bertan. Imajinatuko duzunez, kazetari mordoa pilatu zen egun hartan, gertatzear zegoenaren berri emateko asmoarekin.

Ordua iritsi zen. Han ez zen Jainkorik agertu, plater hegalaririk ere ez. Chenen esanetan, gaizki ulertu zituen Jainkoak esandakoak, eta hitz hauek gehitu zituen: «Jainkoaren irudia telebistan ez jaso arren, denek Jainkoa bizirik dagoela sinestea nahi dut. Espero dut denek Jainkoarengan benetako sinesmena sentitzea». Sektako kideak zeharo galduta sentitu ziren hasieran: batzuk beren bizitzetara bueltatu ziren; beste askoren artean sekta berri bat sortu zuten, Chen atzean utziz. 

Eta nago ni, edozein sekta gobernatzeko, berebiziko irakaspena ematen digula gertatutakoak. Salbazioaren promesa egin bai, baina hobe da Lurrean ordez, paradisuaz soilik Zeruan gozatu ahal izango dela abisatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.