Sara Azurza
Ekografiak

Sentimenduen lehen planoak

2026ko irailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Konplexua bezain ederra. Horrela deskribatuko nuke Rodrigo Sorogoyenen azken filma, El ser querido. Javier Bardem eta Victoria Luengoren antzezpen bikainekin, lan honek harremanen korapiloak pantailaratzen ditu pelikula baten filmatzearen testuinguruan.

Esteban MartĂ­nez (Javier Bardem) zinema zuzendari ospetsua da, bai bere filmengatik, bai indarkeriak eta gehiegikeriek markatutako iraganagatik ere. Bere proiektu berrian, Emilia alabari (Victoria Luengo) pertsonaia bat antzeztea eskainiko dio, aktore gisa geldirik dagoen ibilbideari berriz bultzada emateko aitzakiarekin. Platoan elkarrekin aritzeak azken urteotan izan ez duten hurbiltasuna ekarriko die, baina inoiz erabat sendatu ez diren zauri zaharrak ere irekiko ditu berriro.

Sentimental Value (Joachim Trier, 2025) film ezagunaren premisa bera duela iruditu dezakeen arren, bi filmak oso bestelakoak dira. Bakoitza bere horretan da ederra, eta Sorogoyenen lana lehen planoen gogortasunean, aktoreen keinu zorrotzetan eta film baten filmaketaren atzean ezkutatzen den bizitza gogor hori erakusteko moduan bereizten da. Ikuslearen aurrean zauriak zabalik uzten ditu.

Filma lehen planoez baliatzen den hamabost-hogei minutu inguruko elkarrizketa batekin hasten da. Sekuentzia horrek, hain zuzen, ondoren datorrenak eraman nahi gaituen amildegiaren ertzean kokatzen gaitu.

Aurrera egin ahala, pelikularen filmaketak hartzen du istorioaren erdigunea. Bertan, ekoizpena baliabide narratibo soil bat baino askoz interesgarriagoa den zerbait eraikitzeko erabiltzen da. 

Platoa, berez eszenatoki kontzeptual gisa interesgarria izanik, bi protagonisten arteko indarkeria afektiboaren agertoki natural bihurtzen da. Ekoizpeneko arazoak, zuzendariaren umore aldaketak, aktore eta teknikarien arteko isilune tentsioz beteak eta Victoria Luengok antzezten duen Emiliaren etsipen gero eta handiagoa ikusten ditugun bitartean, filmak oreka aparta aurkitzen du intimoaren eta kolektiboaren artean. Foku, kamera eta mikrofonoen artean, lengoaia zinematografikoa gatazkatik beretik bereizezina bihurtzen da.

El ser querido zauri zaharrei begiratzeko modu bat da, kamera baten aurrean zein atzean. Batzuetan maitasuna ez baita nahikoa galdutako denbora berreskuratzeko, ezta barkamena zauri guztiak ixteko ere. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA