Sara Azurza
Ekografiak

Sinestearen indarra

2026ko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batzuetan, egia esatea ez da nahikoa. Norbaitek entzun egin behar zaitu. Eta, batez ere, sinetsi. Hortik abiatzen da Believe Me, sexu-indarkeriaren zauriez ez ezik biktima batek bere hitza zalantzan jartzen duen sistema baten aurrean egin behar duen borrokaz ere hitz egiten duen telesail britainiarra.

Jeff Popek sortutako lau ataleko telesaila John Worboys Londresko taxi-gidari eta erasotzailearen benetako kasuan oinarrituta dago. Istorioak, ordea, erasotzailea baino gehiago, haren biktimak jartzen ditu erdigunean. Sarah eta Laila gazteen bidez, telesailak sexu erasoen ondorioak eta emakumeek salaketa jartzean aurkitzen dituzten oztopoak erakusten ditu: Poliziaren mesfidantza, ikerketaren akatsak eta beren kontakizuna behin eta berriz frogatu beharra, alegia. Worboys harrapatzeko prozesua kontatzeaz gain, sistemak emakume horiei nola huts egin zien ere kontatzen du, baita urte batzuk geroago justizia eskatzeko abiatu zuten borroka ere.

Believe Me telesailaren bertute handienetako bat, kontatzen duen horretan bezainbeste dago kontatzeko moduan. Lau ataletan ez du indarkeria erakutsi beharrik indarkeriaz hitz egiteko, eta true crime generoak hainbestetan baliatu duen morbotik eta sentsazionalismotik urruntzen da.

Erasoa bera ikuskizun bihurtu beharrean, ondoren datorrenean jartzen du kamera: beldurrean, zalantzan, erruduntasunean eta, batez ere, inork sinesten ez dizunean sortzen den ezintasun horretan. Tonu neurtu eta soila mantentzen du une oro, eta horretan ezinbestekoa da aktoreen interpretazioa, bereziki Sarah antzezten duen Aimee-Ffion Edwardsena. Ez du gehiegikeriarik behar ikuslea astintzeko; batzuetan, aurpegi bat nahikoa da gertatutakoaren pisua ulertzeko.

Believe Me-ren alderdirik mingarriena zera da, ikustea erasoa bera ez dela beti azken erasoa. Ondoren datozen galderek, susmoek, sinesgaitzak eta norberaren kontakizuna behin eta berriz frogatu beharrak mina are gehiago luzatzen dute. Telesailak dioen bezala, salatutako bortxaketen %3k baino ez dute karguak jartzea eragiten. Datu izugarri horren atzean, ordea, ez daude estatistikak bakarrik; entzunak eta sinetsiak izateko borrokan jarraitzen duten emakumeak daude. Eta horregatik da hain garrantzitsua, izenburuak berak dioen bezala, sinestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA