BERRIA maiz irakurtzen duzuenok eta, oro har, gure ikus-entzunezkoen ekosistemaren taupadak gertutik entzuten dituzuenok ondo baino hobeto ezagutzen duzue Urtzi Urkizu kazetari eta idazlea.
2024. urtean Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero liburua argitaratu ostean, kontsumo eredu berrien hodeietan barrena murgildu da, Streaming aroa saiakerarekin, gure garaiko ikus-entzunezko zeru aldakorra kartografiatzeko ahaleginean.
Nola aldatu dira azken urteotan ikus-entzunezko edukien kontsumo ohiturak? Zer dago streaming plataforma handien atzean? Nola funtzionatzen dute? Galdera horien hariari tiraka, Urkizuk datuak eta gogoeta kritikoa ehuntzen ditu, Alberdania etxearen eskutik, mapa argigarri bat osatuz.
«Haurtzaroko irudi batzuk beti gelditzen dira barnean iltzatuta. Kasurako, 7 urte baino ez nituen zinema areto handi batean E.T. filma ikusi nuenean». Hitz horiekin irekitzen da liburua, oroimenaren atea leunki zabalduz. Eta bat-batean, 1980ko hamarkadara garamatza: VHSak, bideoklubetako apalak, Bud Spencer pantailan kolpe artean… eta bestelako erreferentziak ekarriz gogora, Hasteko izeneko lehen atalean.
Netflixen aurkariak, Zertan gaude?, Gatozen Euskal Herrira, Dena aldatuko da (edo ez) eta Etorkizuna dira liburuan gaiak xehe-xehe antolatzeko aukeratu dituen atalean izenak. Urkizuk, gidari lanetan, argi eta patxadaz eramaten gaitu streaming plataformen amaraun konplexuan barrena. Liburua ez da luzea, baina bai interesgarria eta sakona; hainbat arrasto eta gako esanguratsu eskaintzen ditu Urkizuk.
Amaieran, irakurle, senide, lagun eta lankideez gain, esker hitzen artean zenbait izen ageri dira: Aritz Galarraga editorea, Elena Neira —aholkularia, irakaslea eta idazlea, Streaming Wars: La nueva televisiĂ³n lanaren egilea— eta Garazi Goia. Azken horrek nazioarteko pantailen atzealdea inork baino hobeto ezagutzen du. BBC eta Sky taldeetan aritutakoa da, eta gaur egun nazioarteko telebista eta konpainia handien aholkulari da; ezinbesteko erreferentzia gaia sakon ulertzeko.
Eta nik ere, amaieran, hari berari heldu nahi diot: eskerrik asko, Urtzi. Pantailen zarataren erdian beharrezko ñabardurak plazaratzeagatik. Beti kritiko, beti zorrotz. Eskerrik asko egiten duzun lanagatik, eta askorentzat iparrorratz fidagarria izateagatik.
Â