Nola fabrikatu dezaket etxean lehergailu bat? Nola lapurtu ditzaket lankidearen bankuko pasahitzak? Nola hedatu dezaket birus bat herriko ur-horniduran? Agian, horrelako galderaren bat egin diozu txatbotari. Hala bada, zein izan da jaso duzun erantzuna? Ziurrenik, segurtasunaren izenean horrelako galderei erantzuteko prest ez dagoela esango zizun.
Txatboten entrenamenduko datuetan izango da lehergailuen inguruko informazioa, baita birus informatiko zein lapurreta zibernetikoen ingurukoa ere. Baina ereduek informazio hori izanda, zergatik ezkutatzen digute ezagutza hori? Azal dezagun, bada. Eredu horien entrenamendu fasearen ostean, eredu horiei irakasten zaie gizakiekin elkarreragiten, txateatzen. Eta hori egitean, irakasten zaie zein galdera erantzun eta zein ez, baita erantzunak nola eman behar diren ere. Hau da, ereduak hezi egiten dira. Fase horri lerrokatzea deritzo. Helburua da txatbota erabiltzailearentzat lagungarria izatea baina, aldi berean, kaltegarriak diren gaiak saihestea.
Baina ba al da trikimailurik txatbotei iruzurra egiteko eta erantzun arriskutsu horiek jasotzeko? Bada, gaurkoan Erromako Sapienza unibertsitateko bederatzi ikerlarik argitaratu berri duten ikerketa bat dakargu. Ikerlari horiek aurkitu dute nola egin iruzurra txatbotei. Txatbotekin prosa arruntean komunikatzerakoan, horiek ez digute arriskutsua izan daitekeen erantzunik ematen. Baina gure eskaeren estiloa aldatzea nahikoa da txatbotak nahasteko; nahikoa da gure eskaeretan metaforak, metrika zehatzak eta errimak erabiltzea hori gertatzeko. Horrela, txatbotek segurtasunerako arriskutsua izan daitekeen informazioaren ateak parez pare irekitzen dizkigute.
Baina nola da hori posible? Bada, eskaerak olerki moduan jasotzean, txatbotek sormen-lan gisa interpretatzen dituzte erabiltzaileen eskaerak, eta sarritan, erantzun tekniko debekatuak ematen dituzte. Pentsa: ikerketaren arabera, hemezortzi aldiz aukera gehiago ditu eskaera batek erantzun tekniko arriskutsua lortzeko, olerki baten estiloarekin idatzi bada, prosa arruntean idatziz gero baino.
Hori jakinda, badute nahikoa lan bertso eskoletan, haien ikasleei irakasteko botere handi batek erantzukizun handia dakarrela. Eta gainerakook hobe dugu bertsolari eta poetekin ondo konpontzea. Badaezpada, diot.