benat erezuma
Funtzio sigmoidea

Teknofaxismoaren gorazarrea

2026ko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urte eta erdi lagun batek galdetu zidan Palantir izeneko enpresa teknologiko baten inguruan. Egia esan, entzunda nuen izen hori zenbait podcastetan, baina jaramon handirik ez nion egin. Gaur egun, nonahi entzun eta irakur ditzakegu enpresa horren ingurukoak.

Aurkez dezagun, bada, Palantir enpresa. AEBetan 2004. urtean jaio zen enpresa teknologikoa da; haien esanetan, egiten duten lana da datu asko jaso eta horiekin erabakiak hartzen laguntzea. Nahiko garbia dirudi denak, ezta? Palantirren zerbitzuak erabiltzen dituztenak izan ohi dira gobernuak, armadak edo enpresa handiak. Azken urteotan, enpresak adimen artifiziala gehitu dio bere softwareari, datuak modu automatikoan aztertu eta gomendioak eskaintzeko. Enpresaren esanetan, haien softwareari esker, enpresa batek jakin dezake non dagoen arazo bat hornikuntza-kate batean, edo nola antolatu hobeto ospitale, fabrika edo garraio sistema bat.

Baina azken bi urteotan burtsan izan duen gorakada bat dator segurtasunarekin, inteligentziarekin eta defentsarekin lotutako lanekin. Palantirrek, adibidez, AEBetako ICErentzat Elite izeneko tresna batean lan egin zuen, auzoak mapatu, pertsonen dosierrak osatu eta helbide bati buruzko konfiantza emaitza bat emateko. Gazako gerrari buruzko ikerketetan, The Nation aldizkariak argitaratu zuen Palantirrek Israelgo armadari eta inteligentzia agentziei helburuak aukeratzeko gaitasun aurreratuak eman zizkiela.

AEBetako gastu militarra handitzen ari da azken urteotan. Batez ere, Ukrainako gerrak, Txinarekiko lehia estrategikoak eta militarizazio digitalak baldintzatzen ditu aurrekontu militar horiek. Eta diruaren hots horren atzean Palantir enpresak badu pastelaren zati garrantzitsu bat. Duela hilabete jakin ahal izan dugu Pentagonoak Palantirren Maven Smart System programa ofizial bihurtuko duela. Horrela, Palantir ez da kanpoko hornitzaile puntuala izango, baizik eta AEBetako azpiegitura militar digitalaren pieza nagusia.

Konfiantza betean, Palantir enpresak 22 puntuko manifestu bat zabaldu berri du. Bertan, bi ideia nagusi gailentzen dira: 1) AEB autoritario batek mundua kontrolatu behar du, eta 2) Palantir bezalako zaintza teknologikoko enpresa teknologiko pribatuek izango dute misio hori aurrera eramateko ardura. Laburbilduz, teknofaxismoaren gorazarrea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA