Sara Azurza
'Ekografiak'

Telesailen kultura

2026ko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste honetan abiatu da Crossover. Telesailen kulturaren jaialdia martxoaren 23tik 28ra egingo dute, Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustatuta eta Kultur Factoryrekin elkarlanean antolatuta, Crossover telesailen kulturari eskainitako hitzordu nagusietako bat da.

Telesailak ikuspegi, formatu eta gai anitzetatik jorratzea du helburu jaialdiak, publiko zabal bati begira. Programazioak oso ondo islatzen du gaur egun telesailek gizartean duten eragina, eta, aldi berean, estreinaldiak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du.

Lankidetzari dagokionez, Crossoverrek harreman estua du, besteak beste, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin. Edukien artean, deigarria iruditu zait Edorta Subijanaren Gainesposizioa instalazioa, maiatzaren 3ra arte KMK Santa Teresa espazioan ikusgai dagoena. Proposamenak telesail bateko eszena guztiak aldi berean eta modu ez-linealean erakusten ditu, eta ikuslearen arreta eta pertzepzioa muturreraino eraman, gaur egungo kontsumoaren abiadura eta tentsioa agerian utzita.

Estreinaldiek ere presentzia handia dute egitarauan; oraindik ikusgai dauden lanen artean daude Yo siempre a veces, Por cien millones, Cochinas eta La nena, Tabakalerako Zinema aretoan.

Solasaldiek ere badute bere tokia. Gaizka Izagirrek gidatutako Klaketa podcast saioak, esaterako, arreta bereganatu du Nagore Aranburu eta Fariba Sheikan aktoreei egindako elkarrizketekin. Aranburu Querer telesailean protagonista izan da, indarkeria matxista ikusezinei begirada jarriz; Sheikan, berriz, Salvador telesaileko protagonistetako bat da; futboleko ultra munduaren atzean dagoena erakusten duen lana da.

Eta, tonu pertsonalago batean esanda, gaur ni neu izango naiz Ikusle Gonbidatua ataleko elkarrizketatua, Urtzi Urkizuren eskutik. Nire telesailekiko ibilbidea, gustuak eta azkenaldian harrapatu nauten proposamenak izango ditugu hizpide, baita ikusle gisa dudan begirada ere. Horrez gain, gomendio batzuk partekatzeko tartea ere hartuko dugu. Hori guztia Tabakalerako Zinema aretoan izango da, 17:00etatik 17:30era, eta sarrera doakoa da.

Bertan ikusiko dugu elkar?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!