Gaztetan, Matematika irakasleak azaldu zigun zer zen deribatua: funtzio batek puntu zehatz baten duen aldaketa-abiadura, hau da, funtzio batek puntu jakin batean duen malda. Batxilergoan ere, bigarren deribatuak kalkulatu genituen. Kasu hartan, bigarren deribatuaren kalkuluarekin lortzen genuen aldaketa-abiaduraren aldaketa, beste hitz batzuekin esanda, funtzioaren azelerazioa puntu hartan.
Baina bigarren deribatuez ez da soilik matematiketan hitz egiten. Bigarren deribatua izan ohi da ekintza baten ondorioz espero ez den efektua. Ikus dezagun adibide bat. Barne-errekuntzako motorrak asmatu zirenean merkataritza erraztu zen, pertsona zein salgaiak errazago garraiatu ahal izan ziren. Hori lehen deribatua izan zen, lehen ondorioa. Baina bigarren deribatu bat ere izan zuen hark. Ingurumenean inpaktu handia izan zuten autoek, garraioa handitzeak erregai fosilen erabilera masiboa ekarri baitzuen, kutsadura biderkatuz.
Gaurkoan, bestelako bigarren deribatuez hitz egingo dugu. Duela aste batzuk aipatu genuen honako hau: datuen arabera, gaur egungo gazteen artean alkohol kontsumoa beheranzko joeran dago. Baina zerk eragin du gazteen artean alkohol kontsumoa jaistea hainbat herrialdetan eta aldi berean? Galdera horri erantzuna ematen saiatu ziren Finlandiako bi ikertzaile, 2021. urtean egindako ikerketa batean.
Horretarako, 47 nerabe aukeratu zituzten. Elkarrizketa kualitatiboak egin zizkieten. Haien bizitzak aztertu zituzten, eta errepikatutako patroiak agertu ziren. Ondorio bitxi batera iritsi ziren ikertzaileak. Duela urte batzuk gertatzen zenarekin alderatuz, gaur egun, sarritan, harreman erromantikoen hasiera testuinguru birtualetan gertatzen da. Eta egoera birtual horietan alkohola ez da beharrezko lubrifikatzaile soziala. Laburbilduz, pantailaren atzean ez duzu zertan zurrutari eman, lotsa galdu eta ligatzeko.
Mundu birtualak, hala ere, bestelako ondorioak ekar ditzake: adibidez, konparazio masiboaren bidez, norberaren gorputz-irudiaren inguruan azaleratzen ari diren arazo psikologikoak. Baina deribatu hori beste egun baterako utziko dugu.