Maiatzaren 22a zen Donostian, Tabakaleran, eta nazioarteko ekitaldi entzutetsu bat egin zuten han: Gema, marketinaren «sormenaren gailurra», eta sari banaketa. Hitzaldiak, sariak eta zizka-mizkak. EITB antolatzaile, eta goraipatzeko modukoa da hilabete berean Input eta Gema Euskal Herrian ospatu izana. Evan Shapiro kartografoak esandakoak jaso zituen BERRIAk aurreko astean, baina Gemak eman zuen gehiagorako.
Hauek izan ziren saridun nagusiak: Paramount Creative Europe — marketin arloko urteko kreatibo talderik onena— eta Tricefalo —urteko agentzia—. «Mila esker denoi», esan zuen euskaraz Paramount taldeko irabazleetako batek; kontuan hartu egun osoa ingeles hutsean joan zela Tabakaleran.

Baina sari handi horien aurretik, eguneko hitzaldirik ederrena eman zuen Seb Lester tipografiaren artistak (Londres, 1972), Gema akademiaren Ohorezko Maisu Artisaua saria jaso zuenean. Hori bai hitz jarioa eta grazia. Komunikazioan zein trebe den erakutsi zuen Lesterrek, tipografiaren munduan egindako lanen berri emateko orduan.
«Konturatu naiz kaligrafiak diseinatzaile hobea egiten zaituela. Diseinuak kaligrafo hobea egiten zaitu. Sinergia polita dago hor». Tabakalerako Patioa aretoan entzule guztiak adi-adi zeuden.

«Oso ondo pasatzen dut formekin jolasten, oso sortzailea eta librea izaten. Niretzat, sormen prozesua sakratua da, eta oso ederra». Beretik ari zen, hunkituta eta hunkidura eragiten, umore fina ere erabiltzen tarteka. Askotarikoak dira Lesterrek logoen eta tipografiaren munduan egin dituen lanak. Jaso dituen enkarguak; grazia bereziz kontatu zuen NASAtik jaso zuen logo baterako enkargua. Marka entzutetsuentzat egindako lanak bideo bidez ere erakutsi zituen —bideo zoragarriak horietako batzuk—. British Airways, Intel, Waitrose, The Daily Telegraph eta H&M konpainientzat egin du lan, baita Nike, Montblanc, The New York Times eta 2010eko Vancouverko Neguko Olinpiar Jokoentzat ere. Tipografia pertsonalizatuak sortu izan ditu marka horientzat.
Lesterrek Interneteko sare sozialetan dituen kontuak ere arrakastatsuak dira oso. Instagramen, adibidez, futbol izar askok baino jarraitzaile gehiago ditu. Bertan aurki daitezkeen bideoak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Hori da hori artea! Letra formen maisuak Neo Sans, Neo Tech, Soho eta Scene tipografiak diseinatu ditu, besteak beste.
Umil jardun zuen entzuleen aurrean Lesterrek. Lezioa, artista handi baten lezioa. «Lana gogor egitea eta kontzentrazioa faktore garrantzitsuak dira. Eta autokontzientzia kritikoa izan behar da». Beste ofizio edo arte batzuetan baliagarriak diren esaldiak utzi zituen amaierarako. «Ia edonork lor dezake ia edozer bizitzan. Gakoa zure pasioa aurkitzea da. Jarri helburuak, eta bihotzez jarraitu bideari».
Marken diseinua
Askotariko bideoak ikusi ahal izan ziren Gema ekitaldian. Sormena dago epizentroan, baina argi geratu zen hitz jario patxadatsu luzeetarako ez daudela markak bideoetan. Irudi trantsizio bizkor eta ikusgarriekin jokatzen du egun marketinak. Linnea Hemenez Gemako zuzendaritza batzordeko ordezkarietako batek aurkeztu zituen bideoak izan ziren ezaugarri horien erakusgarri.

Izan ziren, bai, hitzaldi interesgarri gehiago ere Gema ekitaldian. Red Bee Creative agentziako Aileen Maddenek eta Jane Fielderrek, adibidez, marka handi batzuen diseinu estrategiak aztertu zituzten. Zehatzago nahi bada, marken logoen eta irudi nagusien diseinua. «Baliabide finituen mundu batean, arreta mugatua da, eta aurrekontua ere bai. Non jartzen du bere energia komunikabide batek edo enpresa batek oihartzun handiena lortzeko? Eta galdera erabakigarria da, egunero hartu behar ditugun erabakiak gidatzen dituelako horrek, ezin delako dena egin». Hala azaldu zuten. BBC, NRK, Disney, France Televisions, HBO Max, Netflix eta Channel4 izan ziren aztertu zituztenetako batzuk. Azken horren inguruan eman zuten datua gutxi aipatzen da sektorean: «Erresuma Batuko kate hori izan zen munduko lehena telebistako edukiak Interneten nahierara eskaintzen». Esandakoa, askorako eman zuen Gemak. Asko ikasteko eta gozatzeko.