Duela 40-50 urte, eta lehenago, ohikoa zen egunkari edo aldizkarietako iritzi artikuluak ezizenarekin argitaratzea. Gaurko egunez ez da ametitzen, baina garai bateko zutabegintza ezizenez beteta zegoen.Â
Stanley Kubricken Barry Lindon filmak 50 urte bete ditu aurten, eta Aitor Arregi moriartitarrak DĂas de cine telebista saioan berriki adierazi zuen horixe duela film kutuna. Bada, pelikula horren gaineko euskarazko kritika eder bat bada Tom Castrok sinatua. Testuan, gainera, Kubricken gaineko beste kontu batzuk ere aipatzen dira. Zeruko Argia-n argitaratu zuten, 1977ko apirilaren 10ean. Eta nor zen ba Tom Castro? Josu Martinez zinemagile eta ikerlariak ematen du erantzuna, irailaren 25ean aurkeztu zuten Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977-1980) [Pamiela] liburu zoragarrian. Sarri bera eta Jose Julian Bakedano ezkutatzen ziren Castroren atzean; Jose Enrique Urrutiak eta Sarrik ere osatzen zuten biko bat, Jon Sendagorta ezizena erabiliz. Baina Iurretan (Bizkaia) jaiotako idazleak bere izenarekin ere sinatzen zituen zinemaren gaineko hamaika testu. Zeruko Argia-n eta Anaitasuna-n argitaratu ziren.

1970eko hamarkadako filmetan bakarrik ez, XX. mendeko zineman murgiltzen da liburua Sarrionandiaren artikuluen bitartez. Euskal zinema zertan zen edo ez zen aipatzen du Sarrik. Zertan zen zinema politikoa, eta zertan erotikoa. Nabari da gogoko zuela Italiako zinema, maite zuela Pier Paolo Pasolini. Eta duinagotzat zeuzkala Nagisa Oshimaren Zentzumenen inperioa (1976) eta Bernardo Bertolucciren Azken tangoa Parisen (1972), Just Jaeckinen Emmanuelle (1974) baino. «Zera ikusi ahal izan dugu: erotismotik inbezilitatera erraz pasatu daitekeela». Zendutako zinemagile handien gaineko testu mamitsuak ere publikatu zituen Sarrik. Bazuen zer kritikatu, gazte eta jostalari, eta horren adibide honako perla, Donostiako Zinemaldiari buruzkoa, 1978ko irailaren 17an argitaratua: «Viktoria Eugenia palazioko estupidoen mundua begiratzea aski da konturatzeko festibal hau betiko jabeena dela». Ezin uka garai interesgarriak zirenik, eta, artikulu hartan deskribatu zuenez, Basterretxeko maiorazgoa ikusi ahal izan zuen Sarrik. 1928koa. «Lehenengo euskal film luzea». Euskadiko Filmategia sortu berria zen.
Epilogo bat ere badu liburuak, Sarrionandiak berak idatzia. Han dio 1980tik aurrera urte askoan ez zela joan zinemara. Baina 1970eko hamarkadaren amaieran izan zuela lilura zinemarekin. «Mesfidantza genuen, ohartzen ginelako zinema zela arterik kapitalistena eta konbentzionalena... baina zineman antzematen genuen gure errealitateak eskas zuen imajinarioa, eta susmo bat, gauza (arrazoi, amets, helburu) galduak (baztertuak, menperatuak, ahaztuak) zirela ederrenak eta interesgarrienak».
'Egin'-eko telebista kritikakÂ
1980ko hamarkadan, Euskaldunon Egunkaria sortu gabea zela, Egin-en irakur zitezkeen telebista kritikak euskaraz. Frankie Tai goitizena erabiltzen zuen baten bat zegoen iritzi haien atzean. Nor ba? Martxelo Otamendi. Garbiñe Ubedak idatzitako Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza liburuan (BERRIA, Jakin, Elkar) bilduta dago pasadizoa: Londresen Singapurko lagun bat egin zuen Otamendik, eta ez omen zion sinesten tarteka egunkari batean idazten zuenik. Lagun hark ezizen europartu bat erabiltzen omen zuen, Frankie Tai, eta Otamendik, egia esana zuela frogatzeko eta lagunari keinu egiteko, goitizen horixe bera aukeratu zuen telebista kritiketarako. Bitartean, gainera, Otamendi ETB1eko Flamingo berria fikziozko komedia lanaren gidoiak idazten ere aritzen zen.

Telebista kritikariren bat BERRIAn idazten hastean, Otamendik hau esateko ohitura zuen: «Kritikatu mamia, baina ez eman egurra modu merkean, gure lana ez baita min ematea».Â
Beste alde batetik, bada liburu berean pasarte bat. Amagoia Mujika Tolaretxipiri BERRIAko zuzendaritzaren lekukoa eman zionean, egunkariaren hogeigarren urteurreneko ekitaldian —duela bi urte—, Otamendik aitortu zuen «oso berandu ibili izana berdintasunaren kontzeptuetan eta parekidetasunean erredakzioko karguetan». Egoera aldatu zen. «Baina hori gertatu artean, banuen joera erredakzioko ardurak mutilei eskaintzekoa».
Zinema eta telebista kritikarien arloan ere, berdintasuna handiagoa da gaur egun, garai batean baino. Zinemako eta telebistako euskarazko kritikak idazten aritu dira edo ari dira Ines Intxausti, Amagoia Iban, Begoña del Teso, Izibene Oñederra, Sara Hernandez, Uxue Arzelus, Leire Palacios, Miren Manias, Amaia Garcia, Lide Hernando, Ines Arrue, Sara Azurza... eta etorriko direnak, ezizenik gabe.