Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Transistoreak

2025eko maiatzaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lagun baten semeak amamaren piladun transistorea heredatu zuen. Ez zekien zertarako nahi zuen, baina aitak esan zion hartzeko. Duela bi aste, traste zahar hori sekula erabiliko ez zuelakoan, zaramara botatzeko keinua egin zuen, eta berriz ere aitaren aholkua kontuan hartuta, gorde zuen, horren erabilgarritasunaren inguruko zalantza handiak bazituen ere.

Astelehenean, guztiok bezala, itzalaldiak bat-batean harrapatu zituen laguna eta semea, baita amaren aldeko aitona-amonak ere. Hasieran, guztiok izan genuen pentsaera bera izan zuen, hau da, tokian tokiko tentsio-jaitsiera edo matxura zela, baina minutuak pasa ahala, arazoaren dimentsioa uste baino handiagoa zela konturatu zen. Ez argindarrik, ez Internetik, eta gertatzen zenaren berririk ere ez. Kalean, udaltzainekin topo egin zuen, eta haietako batek walkie-talkiearenbeste aldean zegoenari «hau zerbait potoloa da» esaten ziola entzun eta gero, etxera joan zen eta irratia piztu zuen. Bitartean, aitona-amonengandik pasatu ondoren, semea etxeratu zen eta bere transistore zaharra hartu zuen haiengana eramateko, gertatzen ari zenaren berri izan zezaten.

Aurreko mendeko aparailurik ezean, autoraino jaitsi (garaje-atea ireki ahal zutenak behintzat), motorra piztu eta irratia sintonizatu zutenak ere egon ziren; gainerako komunikabideen isiltasunaren aurrean, uhinen bidez heltzen ziren ahotsak kontalari fidagarrien eta lasaigarrienak bihurtu baitziren. Barregarriak diren sakelako telefono zaharren jabeek ere beren nagusitasuna erakutsi zuten FMko emanaldiak jasotzen zituztelako, horretarako aurikularrak antena gisa erabilita, Interneten bidezkoek mutu jarraitzen zutelarik.

Ez da lehenengo aldia krisi egoeran irratiak jokatzen duen paperaren gaia hona ekartzen dudala, eta aitortu nahi dut astelehenetik aurrera handikeria puntu batez begiratzen diedala irratiaren ahalmena gutxiesten duten kideei. Izan ere, arazo askoren soluzioa ChatGPT-n bilatzen dutenek ezin izan zuten konpainia topatu; transistore analogikoa gordea dugunok, berriz, bai.

Lagunaren semeak dagoeneko ikasi du lezioa eta balioa eman dio jasotako opariari, eta ulertzen du zergatik bere aitaren bidaia-motxilan inoiz ez diren falta pilak eta aparailu txiki hori, edonon munduarekin lotzen duena. Beste etxe askotan ere, ziur nago ez dela faltako, camping-gas, kandela eta pospoloen ondoan.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.