gaizka izagirre
'Ekografiak'

Txakur bat Oscarretan?

2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur bertan iritsi da Filmin plataformara azken hilabeteotan guztion ahotan ibili den Good Boy beldurrezko filma. Naturaz gaindiko elementuak dituen proposamen berezi hori Ben Leonberg zuzendari hasiberriak sinatu du eta Indy txakurraren istorioa kontatzen du: osasun arazoak dituen Todd jabearekin landetxe batera bizitzera joango da, eta hark bakarrik hauteman ditzakeen indar ikusezinei egingo die aurre. Todden osasunak okerrera egin ahala, bien arteko lotura istorioaren ardatz nagusi bihurtzen da. Film osoa txakurraren ikuspuntutik kontatua dago.

Kamerak une oro erakusten du Indyk zer ikusten eta sentitzen duen; gizakiak agertzen dira, baina aurpegiak ez: silueta lausoz eta itzalekin nahastuta agertzen dira. Ikuspegi horrek giro murgiltzailea eta errealista sortzen du, berezitasun txikien bidez txakurren portaeraren esentzia harrapatuz, efektu berezi edo bikoitzetara jo beharrik gabe. Beldurrezko elementuetatik harago, baldintzarik gabeko maitasuna, leialtasuna, gizakien eta animalien arteko lotura eta halako gaiak ere topa daitezke.

Bisualki bikaina da: itzal, kontraste eta siluetekin joko interesgarria sortzen da. Pelikulak duen ikuspegi deigarri horretaz gain, ordea, errepikakorra da. Sormen lana txalogarria da, eta, lehen minutuetan, narratiba nahiko berria eta freskoa dirudi, baina etxe sorginduei buruzko kontakizunetan ehunka aldiz ikusitako egoerak behin eta berriz agertzen dira narrazioan.

Bereziki soinuaren erabilerak bihurtzen du esperientzia efektista: pantailan ia ezer gertatzen ez denean zaratak sartzen dira, labankaden modura, eta jump scare-ak (ikuslea ikaratzeko asmoz bat-batean agertzen diren zaratak), gainera gogaikarri samarrak dira. Filma motza izan arren (77 minutu), gehiegi luzatu duten film labur baten arima du.

Gorabeherak ditu, baina oso lan gomendagarria da. 

Portzierto, bitxikeria gisa: kritikek eta publikoak txalotu egin dute Indy txakurraren lana, eta askok diote agian Oscar sarietarako izendapena jasoko duen lehen txakurra izan litekeela. Teoria hori, zoro samarra dirudien arren, ez da guztiz harrigarria: berriki Astra sarietarako izendatua izan da, Alfie Williams, Alison Brie, Ethan Hawke, Sally Hawkins eta Sophie Thatcher aktoreekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.