urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Txillardegik izango zuen zer esan

2024ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Gaur hamabi urte dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela. Baten batzuei burmuinean ea sartzen zaien datu hau: Txillardegi ETAn ibili zen urteetan, erakundeak ez zuen inor hil. Bada datu adierazgarria; batetik, alderdi batzuek aitzakiak jartzen dituztelako Donostiako udal liburutegi nagusiari Txillardegiren izena ez jartzeko; eta, bestetik, berriki biktimen elkarte batek Ikusgela plataforma salatu zuelako, bideo batean Txillardegiren figura «zuritzeagatik». Txillardegi ulertzeko gakoak bideoa txukuna da oso, zehatza, eta argigarria. Ez du salatzeko ezer. Baina batzuekin alferrik da.

Txillardegiri buruzko bideoa.

«Euskaldun ez da jaiotzen, egin egiten da», entzun daiteke bideoan. Txillardegiren taldekoen oinarrietako bat da. Nahiz eta garai bateko esaldia izan, hori ere gogoratzekoa da.

Gogoratzeko modukoa ere bada gaur duela hamabi urte zer gertatu zen ETBko albistegietan: Gaur egun-en eta Teleberri-n, makina bat minutu eta albiste itxaron behar izan zuten ikus-entzuleek Txillardegiren heriotzaren berri izateko. Beste zerbait ere gertatu zen egun horretan: Eusko Alkartasuna alderdi abertzaleak komunikabideetara gaztelania hutsean bidali zuen prentsa oharra Txillardegiren inguruan. Nori eta Txillardegiri buruz. 2022an, gaurko egunez, ETBko albistegietan lehenago agertu zen Carmen de la Maza aktore espainiarraren heriotzaren albistea Txillardegiren heriotzaren hamargarren urteurreneko ekitaldi jendetsua baino.

Baina egun jakin batean gertatutakoaz damuka ibiltzea baino, hobe da aurrera begiratzea. Horregatik, ondo legoke ahoz aho edo sarez sare gomendatzea Primeran plataforman Txillardegiri buruz dagoen erreportajea —Ur handitan saioan eman zuten—. 2020. urtean estreinatutako lan horretan, haren biloba Eneka Alvarez ageri da gidari. Transmisio zubi txukuna da irudietan ageri dena: euskal filologia ikasi duen gaztea, aitonaren ibilbidearen arrastoan. Euskal Herriko XX. mendearen historiako une garrantzitsuak ageri dira lanean, Txillardegiren figuraren bizitza oinarri. Datu bat ezin da ahaztu: erreportaje hori Baleuko ekoiztetxeak egin zuen, eta ez ETBko albistegietako taldeak.

Bada ikus-entzunezko beste lan bat Alvarez Enparantzarengana gerturatzeko: Txillardegiren Klika. 21. Korrikarako egin zuten, eta AEK-k ekoitzi zuen.

'Txillardegiren Klika'.

Joxe Felix Azurmendi

Txillardegi. Askok ez dute jakingo ETBren sorreran 1982. urtean zer rol izan zuen: Ramon Labaien Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu zen, eta euskarazko telebista publikoa sortzeko lanetan zebilen. Euskal Herrian Euskaraz taldeak euskarazko telebista sortzeko kanpaina bat abiarazi zuen, eta Txillardegi eta haren seme Joseba Alvarez Labaienekin hartu-emanetan izan ziren. Labaienek dirua eman zien, Euskal Herrian Euskaraz-ekoen Gabonetarako, telebista euskaraz! kanpainako materiala ordaintzeko. Aldarri hori kalean izatea interesatzen baitzitzaion Labaieni. Jaio zen ETB 1982ko abenduaren 31n, baina ez euskara hutsean, ele bitan baizik.

Ederra litzateke horretaz eta gauza gehiagori buruz gaur egun Txillardegiri galdetu ahal izatea. Galdetzea, esate baterako, Joxe Felix Azurmendi kazetariari Argia-n Cira Crespok egin dion elkarrizketaz. Hausnarketarako hitzen artean, Azurmendiren hauek: «ETB1 ez du ia inork ikusten. Badakitelako euskarak edo euskaldunak ezker abertzalearen munduan mugitzen direla. ETAren ekarpen garrantzitsua izan zen aurrerakoia izatea zentzu zabal batean, eta eman zion euskarari garrantzi handia, eta hori islatu da gero ezker abertzalean eta euskal munduan. EITBkoek pentsatzen dute euskaran inbertitzea ezker abertzalean inbertitzea dela».

Azken esaldi horren inguruan EITBko zuzendaritzako inork ez du hitz erdi bat esan. Ez dute ezeztatu, ez dute esan hori hala ez denik. Eta EITBko zuzendari nagusiak elkarrizketarik ematen ez duenez, ezin zaio gaiaz galdetu.

Txillardegik izango zuen horretaz zer esan. Baina zerbait egitekotan, bere testuetan murgiltzea izan daiteke aukera bat: paperezko liburuetan edo Jakin aldizkariak digitalizatutako lanetan. Hor daude haren idazlan guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.