gaizka izagirre
ETB

Txoria txori

2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

«Gure euskal kate publiko bakarrean jada ez da ia fikziozko istoriorik kontatzen, jada ez da ia edukia sortzen ez umeentzat, ez gazteentzat, ez da euskal aktoreontzako harrobi, ez da euskaldun berriontzat gure euskara traketsa hobetzeko gotorleku, audientzia alde eginda dago programazio errepikakor, erronkabako, distira gabeko horretatik, bizkarra eman dio euskaraz dugun kate publiko bakarrari…». Urtzi Urkizuk kaleratu berri duen Txoria hodei artean liburuan Itziar Ituñok idatzi duen hitzaurrearen zati bat da hori.

Bizpahiru egunean irentsi dut liburua, eta zeinen gustura, gainera. Eitb lehen eta gero gai mardularen barruan zer pentsatu eman didate bertan aipatzen diren azpigai askok. Hastapenak, albistegiak, bikoizketa… luze eta zabal aletuko nituzke bertakoak, baina telesailei eskainitako tartean egingo dut geldialdia. «Kristoren pena ematen dit ETBk fikzioan ezer ez egiteak. Lotsagabekeria iruditzen zait». Elena Iruretaren hitzak dira, gaur egungo egoerari buruzkoak; soilik sukaldaritza programetan parte hartzeko deitzen baitiote. Goenkale, Bi eta Bat, Hau da A.U… zoragarria izan da errepaso nostalgikoa egitea. Liburuko 6. atalera iritsi naizenean, datu negargarri batekin egin dut topo: 2016ko udaberritik 2019ko abendura bitartean, ETB1ek ez zuen helduentzako telesail bakar bat ere eman. 2020an, ordea, ETB1en fikzio eskaintzari dagokionez gertatu zena azpimarratu nahi dut; izan ere, hiru telesail eman zituzten errenkadan: Alardea, Hondar ahoak eta Altsasu. Urkizuren liburuaren orriak irensten jarraitu dut, eta, bat-batean, ezustekoa: “«Hondar ahoak telesailaren jarraipena grabatuko dute eta Nerea Gartziaren pertsonaia mantendu egingo dute”». Ze poza inoiz egin den euskal telesailik onenetakoak —onena ez bada— jarraipena izango duela irakurtzea. Ez hori bakarrik, Eusko Jaurlaritzak diru sail bat emango dio 2024an ETBri, euskarazko telesail independenteak sortzeko. Tankerako diru sail batek ahalbidetu zuen 2020ko hiru telesail laburrak egitea. Albiste zinez pozgarria; hori bai, espero dut horrek jarraitutasuna izatea. Eneko Olasagastik liburuan aipatzen duen moduan, «belaunaldi berri bat zegoen, baina ez zaie jarraipenik eman. Gure belaunaldia baztertu zuten. Belaunaldi horri lau atal egiteko aukera eman diote, eta kito».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.