benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Txunta-txunta

2025eko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako Detroit eta Chicago hirietatik iritsi zen tekno musika Europara 1980ko hamarkadan zehar. Hainbat herrialdetan zehar zabaldu zen musika estilo hori; Ingalaterran, adibidez, sekulako harrera izan zuen.

Estasia eta gisako drogek eragin zuzena izan zuten tekno musikaren abiaduran. Hortik etorri zen erritmoaren bizkortzea eta teknoaren azpimultzoa den hardcorearen gorakada. The Prodigy taldeak 90eko hamarkadaren hasieran kaleratu zuen bere lehen diskoa. Baina arrakasta The Fat of the Land izeneko haien hirugarren lanak lortu zuen, miloika disko saldu ostean.

Euskal Herrian ere, teknoak jarraitzaile sutsuak izan zituen, gure diskotekak sarri betetzen ziren dantzatzeko gose ziren gazteekin. Baina, aitor dezagun, ofizialki txunta-txunta-k ez zuen gizartearen sektore jakin batzuen bedeinkapena jaso. Drogen kontsumo eta salerosketarekin erlazionatzen zen estilo hura. Baina, bueno, alkoholaren kontsumoa hain normalizatua dagoen gure herrian, ba al da drogarik kontsumitzen ez den espazio birjinarik?

Eta zer esan dezakegu Berlini buruz? Teknoaren munduko hiriburua bihurtu zen bat-batean. Berlingo Harresia erori eta ekialdeko aldean eraikin andana libre geratu zen, abandonatuta. Horiek okupatu eta bertan ospatzen ziren festa amaigabeetan teknoa entzuten zen batez ere. Ezagunak dira Berghain, Kit Kat Club eta Tresor klubak, besteak beste. Pentsa, 2024ko martxoan, Unescok Berlingo tekno kultura gizateriaren kultura ondare immaterial izendatu zuen. Bada marka.

Eta aste honetan, DW katearen bitartez zera ezagutu dugu: Berlingo dantzarako hainbat klub ixten ari dira; Watergate eta Renate dira horren bi adibide. Arrazoien artean, lokalen alokairuaren prezio igoera dago; gentrifikazioa bere lana egiten ari da, txiri-txiri. Klub askoren erabiltzaile kopuruak ere jaitsiera nabarmena izan du. Inflazioak herritar arrunten poltsikoak hustu ditu. Esana dugu inflazioa dela langile klasea txirotzeko bide isila.

Eta, bestetik, belaunaldi zaharragoekin alderatzen badugu, badirudi Z belaunaldia ez dela hain gautxoria, gurasoren batek kontrako iritzia izango duen arren. Horren guztiaren atzean teknologia berriek duten eraginaz hitz egingo dugu beste batean. Dantzatzen den herria ez da inoiz hilko, ezta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.