gaizka izagirre
Ekografiak

Urdaibai

2026ko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Biziki deigarria iruditzen zait Bizi natura saioaren inguruan egiten ari diren kanpaina mediatikoa. Sakelako telefonoa, telebista edo irratia piztu eta nonahi ikusi dut saioari buruzko aipamen bat. Zergatik une jakin honetan Urdaibain girotutako proposamen bat? Galdera horrek merezi du artikulu bat. Gaurkoz, ordea, saioan zentratuko naiz.

Bizi natura BBCren Springwatch formatuan oinarrituta dago. ETBren bertsioari dagokionez, esan bezala, Urdaibairen bihotzean (Bizkaia) murgiltzeko proposamena egin dute. Hemezortzi kamera jarri dituzte, zuzenean bertan gertatzen dena ikusteko. Dibulgazioa eta baliabide tekniko sendoak uztartzen ditu saio berriak, begi hutsez ikusteko zailak diren animalien portaerak erakusteko asmoz. Hala, bertako faunaren eguneroko jarduna behatzeko aukera ematen dute: azeri kumeak jolasean, ardien begiradapean, hainbat hegaztiren egunerokoa eta abar.

ETBk gaueko ordutegi nagusian estreinatu du saioa, ETBren kate guztietan eta ETB On plataforman ere egin zen estreinaldia. Ondoren, eguneroko emanaldiak eskaintzen ari dira astelehenetik ostiralera: ETB1en, Xabier Sukiak aurkeztuta, eta ETB2n, Africa Baetak gidatuta. Gainera, ETB On plataformak egunean hamabi orduko zuzeneko seinalea ematen du, eta, horrez gain, erreportaje eta dokumental sorta batzuk ere eskainiko ditu.

Promozio, datu eta zarata horren guztiaren erdian, galdera sinple bat geratzen da: merezi al du? Nirea erantzuna baiezko biribila da. Ez bakarrik dibulgazioagatik, baita heziketarako eta ingurumenarekiko sentsibilizaziorako duen balioagatik ere. Animaliak denbora errealean, artifizio narratibo eta formal handirik gabe erakustea biziki polita eta interesgarria da.

Narrazioaren ikuspuntutik, begiratzen ikastera eta behatzera gonbidatzen gaitu saioak. Ez irudi ikusgarriak irentsi eta hurrengora salto egitera, baizik eta xehetasun txikietan geratzera. Irudi labur, bortitz, azkar eta frenetikoen garai honetan, bada zerbait ia iraultzailea naturaren erritmo geldoari lekua egitean. Are gehiago etxeko txikiekin partekatzen denean. Pantailak, behingoz, ez gaituelako presaka eramaten, lasai egotera gonbidatzen gaitu.

Hasierako galderari beste batean helduko diot. Izan ere, ez dezagun ahaztu gaur hain eder erakusten diguten Urdaibai hori batzuek Guggenheim baten itzalpean birrindu nahi izan zutela.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE