benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Urte berrirako etxeko lanak

2026ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Washington hirian du egoitza Center for Democracy & Technology gobernuz kanpoko erakundeak; eskubide digitalak eta adierazpen askatasuna defendatzea da bere helburu nagusia. 2025eko urrian txosten interesgarri bat argitaratu zuen. Bertan, 2024-2025eko ikasturtean AEBetako eskoletan adimen artifizialaren erabilera zein izan den aztertu dute. Eta erabilera horrek ikasleentzat dakartzan arrisku gero eta handiagoak nabarmendu ditu.

Erabilerari dagokionez, irakasleen %85ek eta ikasleen %86k AA erabili dute azken ikasturtean zehar. Hori bai, erabilera pertsonala ohikoagoa da eskolakoa edo lanekoa baino. Baina, ba al da alderik aberats eta txiroen artean? Diru sarrera handiagoak dituzten gurasoek AAren erabilera nabarmen handiagoa egiten dute txiroenek baino. Datu horrek arrakala digitala egon badagoela iradokitzen du.

Bestetik, ikasle askok sentitzen dute AA erabiltzeak irakasleekiko deskonexioa sustatzen duela. Eta adimen artifiziala gehien erabiltzen duten eskoletako ikasleek kezka handiagoa dute deskonexio horren inguruan. Baina ikasleak ez dira kezkatuta dauden bakarrak. Gurasoen %68 eta irakasleen %72 kezkatuta daude AAk ikasleen pentsamendu kritikoa eta idazketa gaitasunak ahulduko ote dituen.

Bestetik, ikasleen %42k noizbait AA erabili dute osasun mentaleko laguntza lortzeko edo lagun gisa simulatzeko. Erabilera horiek benetako harremanak ordezkatzeko eta menpekotasun emozionala sortzeko arriskua dakarte atzean. Horrez gain, Deepfake-n eta baimenik gabeko irudi sexualen arazoa larritzen ari da. Datuak kezkagarriak dira: irakasleen %27k eta ikasleen %36k ezagutzen dute deepfake-ei buruzko kasuren bat beren eskolan. Irakasleen prestakuntzari dagokionez, nahiz eta irakasle askok jaso duten oinarrizko prestakuntza, hutsune handiak daude arrisku batzuen inguruan; adibidez, nola jokatu deepfake edo AAren alborapenen aurrean.

Amaitzeko, datu oso kezkagarri bat eskaini digute ikastetxeetako datuen segurtasunaren inguruan. Irakasleen %23k jakinarazi dute beren eskolak eskala handiko datu urraketa bat jasan dutela azken ikasturtean. Adin txikikoen datuez ari garela jakinda, oraindik larriagoa da irakurritakoa. Txostena AEBetatik dakargun arren, gurerako ere balio dezakete zenbait leziok, hasi berri dugun urte honetan zehar lantzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.