Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Urteurren borobilak

2026ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten Aralar Irratiak 35 urte beteko ditu, eta urtebetetzea ospatzeko antolatu diren ekitaldien artean, maiatzaren 16an Nafarroako irratien garrantziari buruzko hitzaldia eskaini zuten Larraungo Gabari gune irekian. Horretaz gainera, urteetan Lekunberriko irratiko esataria izan den Martin Juanena omendu zuten, erretiroa hartzeko unea heldu baitzaio. Hamar urte gehiago betetzen ditu Baztango Xorroxinek, Nafarroako euskal irratien aitzindariak.

Ez dira urteurren borobilera heldu diren euskal irrati bakarrak; besteak beste, Antxetak mende laurdenera iritsi izana ospatu zuen otsailean Irungo Ficoban egindako jai batean. Egiako Ttan Ttakunek, berriz, Intxaurrondo auzoa hautatu zuen ospakizunerako, apirilean antolaturiko kontzertu batekin. Ondarroako Radixuk, bere aldetik, 48 orduko irratsaio bat eman zuen apirilean 35. urtebetetzeko jai moduan; bertan parte hartzeko gonbita egin zidaten eta atsegin handiz onartu nuen, eta euskal irratien inguruan gogoeta egiteko aukera izan nuen.

Ziur nago gehiago direla urteurren borobilera heltzen ari direnak, eta modu batean edo bestean ospatuko dute, entzule eta sustatzaileekin festa egin ere, lortutakoaren inguruan gogoeta egitearekin bat. Irautea ez da erraza, eta izan badira bidean geratu direnak, podcast bihurtu direnak edo, besterik gabe, Itsuki bezala, norbaitek berpiz dezan itxaroten ari direnak. Beste askok, hain berezia ez den zenbakia bete arren, badute jaia egiteko motiboa.

1980ko hamarkadaren erdialdean irrati askeen denbora izan zen bezala, berrehun baino gehiago baziren herri eta auzoetan, Jaurlaritzaren arautze eta baimenen banatzeak irrati askoren itxialdia ekarri zuen. Hala ere, ez zen izan euskal irratien amaiera, eta hurrengo hamarkadan tokiko irratien sorrera izan zen, baita elkarlanerako lehenengo guneak sortzeko saiakerak ere; haien artean, NIES (Nafarroako Irrati Euskaldunen Sarea). Milurtekoaren aldaketarekin batera, egitasmo berriak jaio ziren, izandakoen bidetik sortu ere, eta ezin ahaztu laster 25 urte beteko direla Arrosan bildu eta guztiok batera aurrera jotzeko konpromisoa berretsi zutela. Zorionak guztioi, hemen aipatutakoak eta esan ez baina inoiz ahazten ez ditudanak. Izan ere, Radixun esan bezala, euskal irrati-esparrua bizirik dago, eta badugu zer entzun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA