benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

A ze astea, Dario!

2026ko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Momentu honetan, Anthropic enpresaren Claude hizkuntza eredu handien familia izan daiteke AArik puntakoena mundu mailan. Baina historiak beti esan digu: ustiatu beharreko lehengai garrantzitsuren bat aurkitzen den momentuan bertan arazoak agertzen direla haren inguruan. Galdetu besterik ez zaio egin behar Anthropic enpresako buru den Dario Amodei ekintzaileari. Zergatik? Bada, Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak ultimatum bat eman diolako 2026ko otsailaren 27rako; hau da, atzo amaitu zen epea. Hegsethek exijitu du Anthropicek Claude ereduen segurtasun mugak kendu ditzala erabilera militarrerako. Anthropicek uko eginez gero, administrazioak Defense Production Act legea ezarriko duela mehatxu egin du, Anthropic-en teknologia mugarik gabe ematera behartzeko.

Bestetik, Trumpen administrazioko AA buru David Sacksek esan du Anthropic-en ereduak woke direla, hau da, alborapen progresista dutela. Sacksen arabera, Anthropicek bultzatzen dituen segurtasun arauek zentsura sustatzen dute eta AEBak Txinaren aurkako lasterketa teknologikoan moteltzen dituzte. Anthropic-en gaineko presioa handitzeko, AEBetako administrazioak dekretu bidez ezarri du gobernuak soilik politikoki neutralak diren ereduak erosiko dituela, konpainiaren barne arau etikoak jomugan jarriz. Hau guztia gertatzen ari da AEBetako armadak Venezuelan Nicolas Maduro atxilotzeko operazioan Claude erabili izana argitara atera denean.

Presio gutxi ez zuen jada gure Dariok, eta bat-batean txinatarrekin ere izan ditu arazoak aste honetan bertan. Deep Seek-ek eta beste bi enpresa txinatarrek Claude ereduen destilazio masiboa egin dute. Horren bidez, beren AA ereduak entrenatu dituzte era oso merkean, baina legez kanpoko erabilera eginez. Nola funtzionatzen du destilazio horrek? Txinatarrek milaka kontu anonimo erabiliz Claude ereduei milioika galdera egin dizkiete. Handik jasotako erantzunetatik ikasi dute haien ereduek, Clauderen erantzunak imitatuz, harik eta arrazoibide maila bera lortu arte. Milaka milioi dolarreko inbertsioa egin beharrean, horren frakzioa erabili dute txinatarrek.

Argi dago enpresa txinatar horiek lortutako AA ereduak beren gobernuari eskainiko dizkietela, industria militarrean erabiltzeko ere. Biharko gerrak gaur egungo AA ereduekin diseinatzen ari dira. A ze astea zurea, Dario!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA