gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Zinema: ez zetaz, ez euskaraz

2023ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Iraileko albistea: ETB1en euskal zinemari eskainitako Zinea zetaz saioa estreinatuko dute. «Euskal Herriko hainbat ekoizpen eskainiko dituzte eta Itziar Ituño eta Eneko Sagardoi aktoreek aurkeztuko dute». Geroztik Nora, Handia, Ilargi guztiak edota Black is beltza filmak izan dira ikusgai, besteak beste. Aipamen berezia, jakina, hainbaten haserrea eragin zuen lehen emanaldi hura; izan ere, saioa gaztelerazko film batekin hasi zen, Érase una vez en Euskadi, nahiz eta euskarazko izenburua iragarri zuten. Lau hilabete eta hamabi atalen ostean, saioa programaziotik kentzea erabaki du telebista publikoak. Datorren urtean ez da zinemari eskainitako saiorik izango euskarazko katean. Aipatu ditudan filmek, lehen bi hilabeteetan, %1,1eko batez besteko ikusle kuota izan zuten; aurkezpenen tarteak, %0,7koa.

Hemendik aurrera, ETB1ek Gora bihotzak saioa emango du ostegun gauetan, Zinea zetaz-ek utzitako hutsunea betetzeko. Gustura ikusi nuen Miren Nogalesek eta Julen Telleriak udan aurkeztu zuten saio hau. Biak ala biak komunikatzaile eta aurkezle apartak iruditzen zaizkit eta saio freskoa eta atsegina iruditzen zait, pozten naiz orain ostegunero izango ditugulako. Zer gertatzen da, ordea, beste behin ere bazterrean, ostrazismoan eta bakarrik uzten den euskarazko zinemarekin? Zergatik ezin dugu euskaldunok La noche de... erako saio txukun eta duin bat euskaraz izan? «Jarri dugu, baina ez du ia inork ikusi; hortxe dituzu ikusle datuak», erantzungo didate. Egia biribila. Nik esaten dudana, ordea, zera da: Euskal Herriko ekoizpenak programatzeaz eta aipatzeaz gain, nazioarteko filmak ekarri, euskaratu —euskarazko azpidatziak jarrita, adibidez— eta horien inguruko euskarazko saio bat egitea. Alegia, La noche de... saioari eskaintzen zaion mimoa eta arreta izan dezala. Baita ematen zaion publizitate eta oihartzun mediatikoa ere. Gauza bat argi dagoelako; Zinea zetaz saioa oso jende gutxik ikusi du, hori eztabaidaezina da, baina, zenbat promozionatu eta bultzatu da? Benetako apustua izan da ala, ia gehienetan gertatzen den moduan, kuota betetzeko eta denboraldi batez atakatik ateratzeko egin dena?Testu hau idazten ari nintzen unean jabetu naiz saioak hamabi atal izan dituela; beraz, pentsa.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.