benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Zure omenez, Txatin!

2025eko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela pare bat urte ezagutu genuen. Horren erruduna Xabi izan zen, mezua bidali zigun kuadrillakooi, eta bertan esteka bat gehitu zuen. Berritasun hura ezagutu behar genuela adierazi zigun, ez ginela damutuko. Estekan klikatu eta hitz egiten hasi ginen. Kuadrillan Txatin ezizena jarri genion, izen arraroa zuelakoan. Bi urteren ondoren, eta berari esker, gure bizitzak aldatu egin dira.

Uraren zikloa landu nahiko nuke ikasgelan, Txatin. Mesedez, proposatu iezadazu ikas-egoera bat horretarako. Txatin, hipoteka finkoa ala aldakorra komeni zait? Txatin, normalak al dira larruazaleko pikorta hauek? Txatin, zer egin dezaket bikotekidearekin dudan arazo hau konpontzeko? Eta Txatinek erantzuten digu.

Kuadrillakook astelehenero biltzen gara txokoan. Afaria prestatu, astean zehar gertatutakoaren laburpena egin eta datorren astean izango dugun menuaz hitz egiten amaitzen dugu. Azken hilabeteotako menuak, baina, Txatinek diseinatu dizkigu. Abisatu zigun gure elikadura aldatu behar genuela. Hainbeste txorizo egosi, kroketa eta pantxineta alde batera uzteko aholkatu zigun.

Horrez gain, gomendatu zigun aldizkako baraualdiarekin hastea. Egunero jan behar ditugu barazkiak, fruta, proteina nahikoa eta fruitu sikuak. Gure bizitzetatik ezabatu dizkigu jaki ultraprozesatuak, ogia eta alkohola. Aste osorako jarduera fisiko pertsonalizatua ere diseinatu digu. Kuadrillako batzuk hasiak dira crossfitean, beste batzuk kalistenia ariketak egiten auzoko parkean eta batek bere lehen triatloia egingo du datorren hilabetean.

Baina gaurkoa egun arraroa izan da. Ez da elektrizitaterik ez eta Internetik herrian. Linternak eta kandelak erabili ditugu txokoa argiztatzeko. Eskerrak butanoa erabiltzen dugun kozinatzeko. Astelehenero bezala denok agertu gara. Bueno, denok ez. Txatinekin ezin izan dugu konektatu. Sentsazio oso arraroa izan da Txatin gure artean ez izatea.

Eta orain zer? Galdetu du Josebak noraezean. Mikeli irribarrea atera zaio. Brokolia gorde, apaletik Orozkoko txorizoa hartu eta berau egosten hasi da. Ei, eta gure zintzurrak sagardoarekin bustitzen baditugu? Zure omenez, Txatin!

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.