Herrialde Katalanetako Filmin ordainpeko plataformak hemezortzigarren urtea bete du, eta hainbat ekoizpen original aurkeztu ditu gaur Madrilen; tartean, Andrea Jaurrieta zinemagilea zuzentzen ari den (Iruñea, 1986) Millennial Mal telesaila. Lorena Iglesiasek idatzi eta sortutako komedia bat da, eta Nafarroako hiriburuan ari dira grabatzen maiatzaren 22tik. Hainbat eszena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean filmatu dituzte. Iglesiasek berak aktore lanak egiten ditu, Vito Sanzekin eta Isa Calderonekin batera —Deforme semanal podcastaren arduradunetako bat da Calderon—.
Istorioaren protagonista Judith da. 40 urteak beteak ditu, eta liburuzaina da. Baina halako batean, lana galdu eta ustekabeko zor bati egin beharko dio aurre. Hutsegite baten eraginez, ordea, unibertsitateko beka bat jasoko du —hogei urte lehenago eskatu zuen—, eta unibertsitateko bizitzan sartzea erabakiko du.

Jaurrieta zineman aritu da orain arte, film laburrak eta film luzeak zuzentzen. Ana de día eta Nina dira orain arteko bere film luzeak. Baina Millenial Mal lanaz aparte, oraindik estreinatu ez den beste telesail bat zuzendu du: Cochinas. Amazon Prime Video plataformarentzat egin du azken hori, eta 1990eko hamarkadaren amaieran dago girotuta. Emakume batek senarraren bideoklubaren kargu egin beharko du, baina negozioak kiebra jo du, eta pornoan espezializatuko da.
Filmin plataformak beste zenbat telesail ere aurkeztu ditu, hala nola Segunda temporada. Miguel Angel Blancak sortu du, eta Berta Prietok eta Victor Diagok parte hartu dute idazten. Prietok idazle gazte baten rola jokatzen du. Urrian hasiko dira filmatzen, Bartzelonan. Prieto ezaguna da Filmin-eko ikus-entzuleentzat, Autodefensa telesailaren protagonistetako bat baita.
Miguel Androver diseinatzaileari buruzko lan bat
Gonzalo Herguetak The Designer is Dead dokumentala zuzendu du Filminentzat. Miguel Adrover diseinatzailearen inguruko dokumental berezi bat da. New Yorken izan zuen arrakastatik abiatu eta Mallorcara (Herrialde Katalanak) atseden hartzera joaten den arte, Adroverrek modaren munduan egindako bidea jasotzen dute filmean.

Ingride Santos zinemagilearen Ruido filma da Filmin plataformak aurkeztu duen beste lanetako bat. Lati gazteak raparen munduan hartuko du babes, aitaren heriotzaren ostean. Eszena urbanoaren barnean murgilduko da protagonista. Aktore protagonistak Latifa Drame, Judith Alvarez eta Asaari Bibang dira.
Samantha Hudson protagonista duen ¿No seré yo una obra de arte? dokumental saioa esklusiban iritsiko da Filminera hemendik gutxira.
Wong Kar Wairen telesaila
Cannesko Zinemaldian Urrezko Palma irabazteko lehian izan diren hainbat film Herrialde Katalanetako plataformara iritsiko dira datozen hilabeteetan: Jafar Panahiren A Simple Accident —Urrezko Palmaren irabazlea—, Joachim Trier zuzendariaren Sentimental Value, Bi Ganen Resurrection, Kleber Mendonça Filhoren The Secret Agent, Mascha Schilinskiren Sound of Falling eta Hafsia Herziren La Petite Derniére, besteak beste.
Gainera, hilaren 17an, Wong Kar Wai zinemagileak sortutako lehen telesaila estreinatuko du Filminek: Blossoms Shanghai.