Anje Arlanzonek eta Asier Corchetek irabazi dute Euspot lehiaketa

Publikoaren Saria, berriz, Ondarroako 21 gaztek egindako 'Zergatik ez?' bideoak irabazi du.

'Klik bat baino gehiago' iragarki irabazlea. EUSPOT
'Klik bat baino gehiago' iragarki irabazlea. EUSPOT
urtzi urkizu
2026ko ekainaren 10a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egun on, txati! Zein da arrakastaren formula sare sozialetan?», galdetu du ahots batek. Irudietan zientzialari bat ageri da, zenbait probeta maneiatzen ari da, formularen baten bila. Neska baten ahotsak ematen du erantzuna: «Batzuetan ez dago formularik. Arrakasta zure nortasunean dago. Sortu euskaraz!». Modu horretan laburbildu daiteke Klik bat baino gehiago iragarkia. Lan horrek irabazi du iragarkirik onenaren saria Euspot lehiaketan, eta gaur eman diete 1.000 euroko saria Asier Corchete eta Anje Arlanzon sortzaileei. Epaimahaiak iragarkiaren «kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna» baloratu ditu gehien. Iaz ere Corchete eta Arlanzon izan zen irabazleak, Bide desberdinak, helmuga bera lanari esker.

'Klik bat baino gehiago' iragarki irabazlea.

Aretxabaletako (Gipuzkoa) Arkupe kultur etxean egin dute gaur sariak banatzeko ekitaldia. Publikoaren Saria Zergatik ez? iragarkiak lortu du —Ondarroako (Bizkaia) 21 gaztek sortu dute, elkarlanean—.

Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onena Eneko Eizagirrek, Auritz Loidik eta Eider Abarrategik irabazi dute, Izan marrazo! lanari esker.

Musika Sinkronizazio Onenaren Saria Igo ezazu bideoa lanari eman diote. Egileak Mikel Lizardi eta Inhar Ormazabal dira.

Gazteen Saria 18 urte baino gutxiago duten parte hartzaileei eman ohi diete. Aurten, Sara Iraola Arriaran eta Naia Martinez Oruna Arrasateko (Gipuzkoa) gaztetxoak izan dira irabazleak, Eman like euskarari! lanari esker.

Arizmendi ikastolako (Arrasate) ikasleen iragarki onenaren saria Lander Valleri eta Peru Iturricastillori eman diete, Sarea zurea da! lanarengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE