Antxeta Irratiak 25. urteurrena ospatu du Irunen

Ficoba erakustazokan egin zuten ekitaldia, atzo iluntzean. Hainbat sortzailek parte hartu zuten, eta irratiko ordezkariek eskerrak eman zizkieten urteotako bidelagunei.

Antxeta irratiaren 25. urteurreneko ekitaldia, atzo, Irunen. JON URBE / FOKU
Antxeta irratiaren 25. urteurreneko ekitaldia, atzo, Irunen. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 27a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bidaso Beherean informazioa euskara hutsean ematen duen tokiko irrati bakarra da Antxeta, Bortzirietan ere hedatzen ditu uhinak, eta, orain, ospakizun betean daude, 25 urte bete dituzte eta. Entzun Ikus eta Pausu Media elkarteen ekimenez sortu zuten Antxeta irratia, 2001ean, tokiko kazetaritza euskaraz jorratzeko Bidasoa ibaiaren bokale inguruan. Zortzi langile ditu gaur egun Antxeta irratiak, inoiz baino gehiago. Horrez gain, kolaboratzaile sare zabal bat dute. Euskal Irratien konfederazioaren parte da. Urteurrena ospatzen ari dira azkeneko asteetan, eta atzo ekitaldi berezia egin zuten Irunen (Gipuzkoa), Ficoba erakustazokan.

Oarso Bidasoko Hitza-k jaso duenez, txiki gelditu zen aretoa, eta eserleku gehiago jarri behar izan zituzten. Bidasoaldeko eta beste lekuetako jendea bildu zen erakustazokan, denek elkarrekin Antxeta irratiari eskerrak emateko. 

Antxeta irratiaren 25 urteurrena
Antxeta irratiaren 25. urteurreneko ekitaldia, atzo, Irungo Ficoba erakustazokan. JON URBE / FOKU

Antxetako langileek mezu hau zabaldu zuten bideo batean: «Duela mende laurden ideia zaila eta arrotza zena egingarria, zentzuzkoa eta beharrezkoa dela erakutsi dute Antxeta Irratiak bidelagun izan dituen guztiek. Uhinetan, sarean, eta behar den lekuan hegan jarraitzeko indarra ematen duten horiekin, bertze 25 egiteko kuraia sobran dugu».

Urko Iridoi Oarso Bidasoko Hitza-ko kazetariak idatzi du ekitaldiaren kronika.

Ekitaldia Youtuben jarri du ikusgai euskarazko irratiak:

Antxeta irratiaren 25. urteurreneko ekitaldia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.