Arrantzari buruzko saio bat estreinatu dute Naiz irratian

'Sarea galdu aurretik' podcastak euskal arrantzaleen bizimodua izango du ardatz.

Aritz Martinez arrantzalea. HEGOI BELATEGI
Aritz Martinez arrantzalea. HEGOI BELATEGI
urtzi urkizu
2025eko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hegoi Belategi esatariak gidatuta, Naiz irratiak arrantzari buruzko saio bat abiarazi du. Sarea galdu aurretik du izena programak, eta igandero emitituko dute irratian, 09:00etako albistegia amaitu bezain laster. Podcast modura ere entzun ahalko da, Naiz irratiaren webgunean.

Saio berriak hainbat atal izango ditu. «Urratsez urrats, arrantzaleak eta haien bizimodua ezagutaraztea izango da helburua, eta azkeneko urteetako gainbeheraren arrazoiak eta gaur egun dituzten erronka nagusiak aztertzea», azaldu du Belategik. Igandean eman zuten aurreneko atala. Igotz Garatea Lekeitioko (Bizkaia) Kalamua II baporeko patroia eta Aritz Martinez Hendaiako (Lapurdi) Atalaia Berria ontziko arrantzalea izan ziren protagonistak.

Euskal Herriko arrantzaleek baliatzen dituzten arrantza ereduen inguruko azalpenak ere eramango dituzte programara, hau da, hizpide izango dituzte Bizkaiko golkoko zenbait arrantza mota, hala nola baxurakoa. «Dena den, alturako arrantzaleen eta ordezkarien azalpenak ere agertuko dira saioan, sektorearen aniztasuna eta konplexutasuna ulertzeko asmoz».

Naiz irratiaren arabera, «gain behera joan arren, arrantza sektoreak bizirik dirau Euskal Herrian, eta uste baino konplexuagoa da». Beraz, entzuleei egoera hori helarazten saiatuko dira astez aste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.