Zerbait txarra etorriko dela iragartzen duten aieru ilunak antzemango dituzte adin ezberdineko hiru emakumek. Karmenek kartak botatzen ditu Trintxerpen (Gipuzkoa), eta kezkatuta geratu da tarotak dioena ikusita. Amaiak itsasotik ihesi datozen hegaztien portaera arraroak begiztatzen ditu Urdaibain (Bizkaia). Sarak, Gasteizen, ahots are aztoragarriagoak entzuten ditu. Hiru emakume horien bidez ematen zaio hasiera Ainguratuak soinu fikzioaren lehen atalari: Aieruak. EITB taldearen Guau audio plataforman entzun daiteke lehen atal hori, eta fikzioaren hurrengo bost atalak astez aste sareratuko dituzte.
Lehen atal horretan play botoiari eman, eta Ane Gabarain aktorearen ahotsa aditzen da. Miren Gaztañagak eta Angela Lopezek —Irabazi arte telesailean Alaitzen rola jokatzen du— jarri diete ahotsa beste bi protagonistei. Baina fikzio osoan zehar, beste batzuen ahotsak ere entzungo dira: Naomi Mendizabal, Kepa Errasti, Itziar Atienza, Jon Olivares, Mikel Losada, Egoitz Lasa eta Asier Sotaren ahotsak, Bieuse bikoiztaile euskaldunen kooperatibako kide batzuenarekin batera. Anartz Zuazua arduratu da aktore zuzendaritzaz.
Artxipelagoa soinu fikzio arrakastatsuaren spin-off bat da Ainguratuak. Jatorrizko istorioan, hiru olatu handik mundua errotik aldatu zuten. Audio fikzio berriaren istorioa, ordea, olatu haiek iritsi baino lehenago kokatzen da. Hiru emakumeren bizitzak gurutzatu egingo dira, mundua goitik behera aldatuko duten gertakarien harira.
Hiru denboraldi izan zituen Artxipelagoa fikzioak: 2021ean, 2022an eta 2023an estreinatu zituzten. Eta mugarri izan ziren euskarazko fikziozko podcastgintzan. 2023an, Ondas Sarietan aipamen berezia jaso zuen soinu diseinu onenaren kategorian.
Gidoilari berberak
Ulu Media ekoiztetxeak sortu eta grabatu zuen Artxipelagoa soinu fikzioa, eta lantalde berak zuzendu du Ainguratuak ere. Gidoiak Xabier eta Martin Etxeberria idazle eta gidoilariek idatzi dituzte. Fikzioaren zuzendaria Oier Aranzabal da. Soinu diseinu eta grabaketan aritu dira, bestalde, Jon Gartzia, Christian Gil, Marina Perez eta Luken Saenz. Soinu banda Rafa Rueda musikariak sortu du. Eta artea Alain Urrutiaren ardura izan da.
Bilboko EITBren egoitzan Ainguratuak fikzioaren aurkezpen berezi bat egin zuten atzo. Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak soinu fikzioekin egiten ari diren apustua indartu nahi dutela nabarmendu zuen: «Euskara maila gorenean egotea nahi dugu. Istorio handiak euskaraz ere kontatu behar dira, eta entzuleek merezi dute kalitate hori». Goñiren arabera, Ainguratuak eta antzeko proiektuek erakusten dute hori posible dela. «Kalitate handiko istorioak, hemen sortuak eta euskaraz kontatuak eskaini nahi ditugu».