Asier Corchete donostiarraren eta Anje Arlanzon oñatiarraren lanak irabazi du 2025eko Euspot euskarazko spot-en lehiaketa: Bide desberdinak, helmuga bera. Epaimahaiak spot-aren originaltasuna, kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna goraipatu ditu. Arlanzonek jaso zuen 1.000 euroko saria atzo, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Zaraia aretoan.
Beste bost sari ere banatu zituzten atzo: publikoaren saria lortu du Ereindakoa lo(re)tuz lanak, eta 500 euro irabazi dituzte Xabi Gomez, Naia Vallejo, Harkaitz Gorostiaga eta Irati Pineda egileek. Bada sari bat 18 urtetik beherakoentzat, eta Josu Arrizabalaga Aizpuruaren Laguna, beti lagun lanak lortu du; 500 euro irabazi ditu hark ere. Eta musika sinkronizazio onenaren saria ere aitortu diote Elkarrekin dena lortu dezakegu! lanari; 300 euro jaso dituzte Uxue Lasak, Nerea Garmendiak eta Klara Kettelerrek.
Bi sari gehigarri ere banatu zituzten: Mondragon Unibertsitateko ikasleen spot-ik onena Usoa Zuluetaren eta Gorka Granadoren Zure laguna delako, eta punto lanak irabazi du —500 euro jaso ditu—; eta, azkenik, Arizmendiko ikasleen spot-ik onenaren saria eta 250 euro Mikel Etxeberriak eta Enaitz Garitaonandiak eskuratu dituzte, Laguntasunak ez du mugarik lanari esker.
Antolatzaileek harro adierazi dute aurten 119 lan jaso dituztela; kopuruz, inoizko markarik onenetan bigarrena da aurtengoa. 22 spot 18 urtetik gorakoek eginak izan dira, eta 97, adin txikikoek aurkeztutakoak. Euskal Herriko txoko askotan landutako lanak jaso dituzte. Publikoaren sarirako zazpiehun boto jaso izana ere txalotu dute antolatzaileek.
Laguntasuna saritu dute
Aurten, bereziki, gazteak euskarazko publizitatera erakarri nahi izan dituzte, «Euskal Herrian sortzen den publizitatearen oinarri» izan dadin bertako hizkuntza. Zer da laguna izatea?, horixe 30 segundoko spot batean erantzun beharreko galdera.
«Kanpaina bat egingo balitz, administrazioak edota enpresa pribatu batek sustatuko balu, nolakoa izango litzateke zure proposamen sortzailea?», «zeintzuk dira harreman osasuntsuen oinarriak?», «nola jakin harreman bat osasuntsua dela?». Gidalerro horiexek eman zizkieten sortzaileei. Gazteen artean harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzeko bideoak nahi zituzten epaileek, adiskidetasunari balioa emango dioten spot sortzaile eta originalak: harreman sanoak, bertatik bertarakoak, inklusiboak eta askotarikoak...
Euskarazko spot-en lehiaketaren hamalaugarren aldia izan da aurtengoa: 2012an sortu zuten lehiaketa, euskarazko sormena sustatzeko helburuz. Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Arteman Komunikazioak eta Arizmendi ikastolak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin eta Bai Euskarari elkartearen eta Music Libraryren laguntzarekin.
Euskara eta ikus-entzunezko komunikazioa dute ardatz, eta, gazteak lehiaketan parte hartzera animatzeko, antolakuntzak urtero ikus-entzunezko publizitateari buruzko formakuntza saioak ematen ditu Euskal Herriko ikastetxeetan. Oraingoan ere 500 ikasle inguruk hartu dute parte eta, orotara, azken urteetan, 5.000 ikaslek baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formakuntza saioak Euskal Herriko hezkuntza zentroetan.