Asier Odriozola 'Azpimarra'-n ariko da irailetik, Iriarterekin batera

Ordu eta erdiko iraupena izango du saioak.Amaia Urkiak aurkeztuko du 'Teleberri', irailetik

urtzi urkizu
2014ko uztailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
ETB1eko Azpimarra saioak eraberrituta hasiko du datorren denboraldia, irailaren 29an. Maddalen Iriarte programaren gidariarekin batera Asier Odriozola kazetaria ariko da aurkezle lanetan. Gainera, saioak ordu eta erdiko iraupena izango du astelehenetik ostiralera —17:15etik 18:45era—. Gauetako Azpimarra+ bereziak ere jarraituko du astean behin, Iriarterekin.

Arratsaldetako saioan, lehen 45 minutuetan, Odriozolak parte hartuko du. «Beste eduki batzuk sartuko ditugu, espezializatuagoak. Baina saioaren bigarren partean orain arte egindakoaren esentzia gordeko da», iragarri du Iriartek. «Jende gehiagok parte hartuko du programan. Mahai espezializatuak egingo ditugu. Irribarreari ere tartea egin nahi diogu». Azken orduko albisteak iristen direnean, Odriozolak berak emango ditu, platoan. Iriartek nahiko luke tokiko komunikabideekin sare bat egitea. «Gure saioa leku polit bat izan daiteke horretarako, eta zerbait gertatzen denean zuzenean sar daiteke tokiko komunikabide bateko kazetaria, adibidez. Telefonoz bada ere». Halako ñabardurak irailetik aurrera erabakiko dituzte.

Kultur hausnarketak ere egingo dituzte saioko kolaboratzaileek, eskaintza berezituak proposatuz.

Edonola ere, aurreko urteetan bezala, informazio politiko eta ekonomikoa izango dira Azpimarra-ren ardatzak. Berriki amaitu den denboraldian baino 15 minutu inguru gehiago iraungo du, gainera, ETB1eko programak.

Urkia 'Teleberri'-ko gidari

Duela lau urte eta erditik hona ETB2ko gaueko albistegia Asier Odriozolak eta Andrea Arrizabalagak aurkeztu dute. Irailetik aurrera, Amaia Urkia kazetariak (Legazpi, Gipuzkoa, 1961) ordezkatuko ditu.

1983. urtean hasi zen Urkia ETBn lanean, kazetaritza ikasketak EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako fakultatean egin eta gero. «Ez naiz hasiera-hasierakoa, baina lehen oposizio deialdikoa bai», esan du kazetariak. ETBko albistegietan denetarik egin du 30 urtetan. Aurkezle lanetan ere aritu zen, hainbat etapatan. Goizetan, El punto informazio eta elkarrizketa saioa aurkezten aritu zen. «Animatuta» dago, berriz aurkezle lanera itzuliko delako. «Egokitzen dena, informazioa bada, pozik. Kazetaritza asko gustatzen zait. Profesioa polita eta interesgarria da, nahiz eta tratu txarra jasotzen duen». ETBko kazetaria ez dago itsututa ikusle datuekin: «Ikusle datuak garrantzitsuak dira, baina erronka bat da lana ondo egitea. Eta horren ondorioz, jendeak gugan konfiantza izatea».

Andrea Arrizabalaga, bestalde,ETBko albistegietako erredakzioko lanean murgilduko da. Zuzenekoak egingo ditu Teleberri-rako. Zeregin horretan ariko da baita ere Vanessa Sanchez —hilabete hauetan goizetako Entrada libre saioan aritu da—.

ETB1eko albistegietan ez da aldaketarik izango datorren ikasturtean. Ander Arzak, Xabier Usabiaga, Saioa Martija eta Amaia Cayero izango dira aurkezleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.