«Lehendik egin dira erreportaje saioak ETBn: Bertatik bertara, Euskal Herria zuzenean... Baina guk tonu aldetik urrundu nahi dugu, umorea erabiliz eta beste eduki batzuk sartuz». Hala azaldu du Aitzol Barandiaranek, Atera kontuak programa berriko zuzendariak. ETB1ek hilaren 12an estreinatuko du saioa. Astelehenetik ostiralera egingo dute, zuzenean, 19:10etik 20:00etara. Miramongo zentroan egingo du saioa Orio ekoizpen etxeak, eta han promozio bideoa grabatu zuten atzo arratsaldean.
Ana Goitia izango da saioko aurkezle nagusia —gaueko Gure kasa saioan aritu da orain arte—. Lehen aldia du telebista programa bateko aurkezle. «Oso pozik sentitzen naiz, sekulako ilusioarekin eta gogoarekin. Erronkak asko gustatzen zaizkit, eta hau erronka handi bat da». Goitia ez da bakarrik ariko kamera aurrean. Zazpi berriemaile gazte Euskal Herrian barna ibiliko dira, kontuak ateratzen: Amaia Eneterreaga, Gartxot Unsain, Iñigo Otaegi, Jaione Carpintero, Lohizune Amatria, Olaia Gil eta Pello Artabe. Berriemaile bakoitzak bere atal finkoa izango du. Era berean, Goitiarekin platoan izango dira, tarteka, Oihana Iguaran eta Nerea Ibarzabal programako gidoilariak. Taldearekin «oso pozik» azaldu da Goitia: «Talde oso-oso ona daukagu. Gazteak indartsu datoz, gogoz, irribarre batekin. Talentu handia dute, eta koktela polita da». Barandiaran antzera mintzatu da berriemaileez eta gidoilariez: «Komunikatzaileak dira guztiak, baina haien artean musikariak, bertsolariak eta umorerako eman dezakeen jendea dago. Horri esker, betikoari beste ikuspegi bat eta kontatzeko beste modu bat eman nahi diogu. Irribarre batekin ikusteko kontuak eramango ditugu».
«Familia osoarentzako»
Xabier Aurrekoetxea ETB1eko Programa zuzendariak iragarri du normalean albistegietan agertzen ez diren kontuak kontatzen saiatuko direla. «Gazte talentudunak agertuko dira, eta uste dut saio polita ikusi ahalko dugula arratsaldero», nabarmendu du Aurrekoetxeak.
Zuzenekoa izango den arren, Goitiak ez du beldurrik sentitzen: «Okerrak egongo dira mila, batez ere hasieran. Baina okerrak naturaltasunez eramango ditugu, jakinda zuzenean ari garela».
Oraingoz, ETBk maiatzaren amaiera arte mantendu nahi du saioa programazioan. Barandiarani iruditzen zaio denbora beharko duen produktua dela Atera kontuak: «Ikusleari ere aurpegiak berriak egingo zaizkio. Ikasteko asko dugu denok. Iruditzen zait ibilbide luzea egin dezakeela bai saioak eta bai gazte hauek ere telebistaren munduan».
Ordutegi berean, ETB1ek haurrentzako 3txulo Jokoan eman zuen udazkenean. Saio berriarekin, «eduki familiar bat» eskaini nahi dutela iragarri du Barandiaranek: «Ordu horretan, orokorrean, adineko jendea egoten da telebistaren aurrean. Baina gazteak ere erakarri nahiko genituzke, eta familia osoarentzako eduki interesgarriak egin».
'Atera kontuak' erreportaje saioa emango du arratsaldero ETBk
Ana Goitiak aurkeztuko du, eta zazpi berriemaile gazte ibiliko dira Euskal Herrian barna. Hilaren 12an estreinatuko du ETB1ek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu