Atlantida jaialdiko 64 film eta hiru telesail ikusi ahalko dira Filmin plataforman

Bihar hasiko da Atlantida Mallorca Film Fest jaialdia. Abuztuaren 25era bitartean, Sam Mendes, Radu Jude eta Andre Techine zinemagileen lanak jarriko dituzte Filminen, beste askorekin batera.

Nine d'Urso, 'La Rebelle' telesailean. JEAN-PHILIPPE BALTEL
Nine d'Urso, 'La Rebelle' telesailean. JEAN-PHILIPPE BALTEL
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamabosgarren urtez antolatu du Filmin plataformak Atlantida Mallorca Film Fest jaialdia. Plataformak eskaintza oparoa egingo die datozen egunak Palman (Herrialde Katalanak) pasatu ezin dituzten zinemazale eta telesailzaleei: jaialdi horretako 64 film eta hiru telesail ikusi ahalko dira ordainpeko Interneteko zerbitzuan.

Estreinatuko duten lehen telesaila ¿No seré yo una obra de arte? da (Ez naiz ni artelan bat izango?). Abuztuaren 1ean iritsiko da plataformara, eta, bertan, Samantha Hudsonek arte garaikideko hainbat pertsona garrantzitsu elkarrizketatuko ditu. David Navarrok zuzendu du lana.

Abuztuaren 5ean, La Rebelle, les aventures de la jeune George Sand telesaila jarriko dute Filmin-en. Fikzio lan horrek arrakasta handia bildu zuen France2 katean: 3,5 milioi ikus-entzule izan zituen batez beste. Belgikako telebista publikoan ere eman dute. Istorioa, hauxe: Aurore Dupin gaztea nola bihurtzen den George Sand idazlea. Bere idazkerarekin, idazle gazteak auzitan jarri zituen XIX. mendeko gizarte arauak. Telesailaren zuzendaria Rodolph Tissot da, eta Nine d'Ursok jokatzen du rol protagonista.

Aurrerago, abuztuaren 16an, Danimarkako Rebels telesaila iritsiko da. Kopenhagen 2007. urtean Ungdomshuset Gazteriaren Etxean izandako gertakarietan dago oinarrituta. Mads Matthiesen da zuzendaria.

'¿No seré yo una obra de arte?' saioa. Samantha Hudson.
Samantha Hudsonek elkarrizketak egiten ditu '¿No seré yo una obra de arte?' saioan. FILMIN

'Being Maria'

Datozen asteetan Filmin plataforman ikusi ahalko diren lanen artean Being Maria dago. Maria Schneider aktorearen gaineko biopic bat da, eta Bernardo Bertolucciren Ultimo tango a Parigi filmaren grabaketetan gertatutakoak ere kontatzen ditu. Anamaria Vartolomeik jokatzen du Schneiderren rola, eta Matt Dillonek egiten du Marlon Brandorena.

Zer esana emango duen beste film bat Durga Chew-Bose zinemagilearen Bonjour Tristesse da —Otto Premingerren film baten remake-a da—. Nabarmentzekoak dira filmen hautaketan Radu Juderen Eight Postcards from Utopia eta Andre Techineren Les gens d'à côté ere.

Alemanian urteko pelikulatzat jo dute Sterben, Mathias Glasnerrena. Berlingo zinema jaialdian gidoirik onenaren saria jaso zuen.

Pornografian espezializatu zen Italiako lehen casting agentziaren gaineko film bat ere ikusi ahalko da: Diva Futura. Gioulia Steigerwalt da zuzendaria.

Aipagarria da, era berean, Laila Abbas zinemagilearen Thank You For Banking With Us. Lege islamikoari aurre egiten dioten bi ahizparen istorioa kontatzen du.

Filma: 'Thank You for Banking with Us '.
Laila Abbas zinemagilearen 'Thank You for Banking with Us' filma. FILMIN

Ikusmina piztu du, era berean, Vera Drewren The People's Joker filmak. Stand-up comedy munduan toki bat egin nahi duen Joker trans baten ingurukoa da. Drewk berak jokatzen du pertsonaia nagusia. Owen Gleiberman Variety-ko kritikariaren arabera, 2024ko hamar film onenen artean dago.

Askotariko filmak aurki daitezke Figures, War Times, Domestic Noirs & Fantastiques, Voyages eta Wild Tales ataletan. Nazioarteko Sail Ofizialean, berriz, hamahiru film hautatu dituzte.

Dokumentalak ere bai

Telesailez eta fikziozko filmez gain, dokumental batzuk ere estreinatuko ditu datozen egunetan Filmin plataformak Atlantidako eskaintzaren barnean. Sam Mendes zinemagileak —American Beauty, 1917, Road to PerditionWhat They Found dokumentala egin du BBCrentzat. Bigarren Mundu Gerran Belsengo (Alemania) nazien kontzentrazio esparruaren askapena bizi izan zuten bi sargenturen inguruko lana da.

Ikusmina piztu duen beste dokumental bat Riefenstahl da. Andres Veielek Leni Riefenstahl zinemagilearen bizitzan eta ondarean arakatu du. Nazientzat egin zuen lan Riefenstahlek, eta dokumentala artearen eta propagandaren arteko mugetan murgiltzen da. Telefono deiak, memoriak kontraesanean jartzen dituzten ohar pribatuak, gutunak eta telebistako elkarrizketak erabili ditu Veielek dokumentalean. Susan Sontagek «estetika faxista» deitu zuenaren inguruan ere hitz egiten dute dokumentalean. Franziska Henkeren musika du filmak. Abuztuaren 1etik aurrera ikusi ahalko da Filminen, baita Movistar Plus plataforman ere.

Classics atalean, Gregg Arakiren Nowhere (1997) eta Mathieu Kassovitzen La haine (1995) jarriko dituzte. 4K teknologia erabiliz zaharberritu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.