Atresmediak sareko hamar kate doako sortuko ditu

Gero eta konpainia gehiago ari dira iragarkiak dituzten doako kateak eskaintzen. Atresplayer plataforma uztailaren 5ean berrituko dute

Javier Bardaji Atresmedia taldeko zuzendari nagusia, Madrilen, aste honetako aurkezpenean. ATRESMEDIA.
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Ez da kontzeptu berria, baina ikus-entzunezko merkatu askotan zabaltzen ari da azkeneko hilabeteetan FAST kateen eskaintza eta kontsumoa. Sareko kate doakoak dira horiek, iragarkiak dituztenak. FAST ingelesez Free ad-supported streaming television da —hau da, doako streaming telebista, iragarkiekin—. Euskal Herrian badira konpainia batzuk jada halako kateak eskaintzen dituztenak; tartean, Pluto TV, Roku eta Plex. Eta, hemendik gutxira, Atresmedia komunikazio taldeak ere eskaintza berezituagoa egingo du alor horretan.

Atresplayer Interneteko plataformaren barnean, martxoan Flooxer doako katea abiatu zuen. Uztailaren 5ean, berriz, Atresplayer plataforma goitik behera berrituko dute, eta FAST Channels deituriko hamar kate berri egongo dira ikusgai, doan.

Doako kate horiek eguneko 24 orduko programazioa izango dute: Clasicos deiturikoan Atresmedia taldeko telesail zaharren atalak emango dituzte etenik gabe; Multicine izenekoan, telefilmak izango dira ikusgai; Comedia katean, Atresmediako kanaletan eman izan diren sitcom arrakastatsuenetako atalak jarriko dituzte; eta Mentes Inquietas kanalean, berriz, munduko eta gizarteko askotariko programak ikusteko modua egongo da.

Beste bost kanal Antena3eko eta La Sextako programetakoak izango dira: Aquí no hay quien viva telesailak, El Club de la comedia-k, Equipo de investigación erreportaje programak, Física o química telesailak eta El hormiguero saioak kanal propioa izango dute, bakoitzak berea.

Beste kate bat Canal Invitado izenekoa izango da, eta, hartan, edukiak hilero aldatuko dituzte. Kidz izenekoak, bestalde, haurrentzako etengabeko programazioa izango du.

Aipatutako doako kate berri horiez gain, Atresplayer plataforman beste kanal hauek ikus daitezke: Antena3, La Sexta, Nova, Neox, Mega, Atreseries, Flooxer, Onda Cero, Europa FM eta Melodia FM —azkeneko hirurak irratiak dira—.

Madrilen egindako aurkezpen batean, Javier Bardaji Atresmediako zuzendari nagusiak nabarmendu du Atresplayer berriak «jauzi handia» ekarriko duela: «Atresplayer proiektua ez da inoiz geldirik egon, eta etorkizunean ere ez da geldirik geratuko». Azaldu du edukia jarriko dutela erdigunean «Gure oinarria da edukirik onenak eta talenturik hoberenak izatea. Era berean, obsesioa dugu kalitatearekin eta dibertsitatearekin».

Atresplayer plataforma doakoa da, eta Atresmediak badu ordainpeko plataforma ere: Atresplayer Premium. Bien artean, hilean bost milioi erabiltzaile dituzte.

Atresmediak bizkor heldu dio sareko kate doakoak eskaintzeko joerari. Izan ere, azkeneko hilabeteetan FAST kateen merkatua eta kontsumoa asko zabaldu da Erresuma Batuan eta Alemanian. Banijai konpainiako eduki digitalen arduradun Shaun Keeblek berriki adierazi du kate horien bolada bizkor zabalduko dela Frantzian, Italian, Australian eta Latinoamerikan.

Atresplayer Premium

Atresmedia taldea, era berean, bere ordainpeko plataforman estreinatzen ari da fikziozko eduki gehienak: Atresplayer Premium zerbitzuan. Asteon aurkeztu dituzte plataforma horretara iritsiko diren telesail berri batzuk: FoQ: La nueva generaciónFísica o química telesailaren etapa berria—; Piraña —LGTBI kolektiboko adinekoei egindako omenaldia—; A muerte; Un nuevo amanecer; Una vida menos en Canarias; Mariliendre; La sombra de la tierra —Elvira Minguezen eleberri batean oinarrituta—; 33 días; La nena; La ruta. Parte 2: Ibiza eta ¿A qué estás esperando? —Megan Maxwellen liburuetan oinarritua—. Alex de la Iglesiak Santuario telesaila ekoitziko du, izen bereko podcasta abiapuntu duela.

Hilaren 25ean, Las noches de Tefia telesaila estreinatuko dute;kontzentrazio esparru frankista batean girotua dago. Eta uztailean, Zorras iritsiko da —Aritz Moreno zinemagile donostiarra da zuzendarietako bat—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.