Aurten eraildako 67 kazetarien %43 Israelgo armadak hil ditu

Mugarik Gabeko Kazetarien txostenaren arabera, Palestina, Mexiko eta Sudan dira herrialde arriskutsuenak kazetarientzat. 503 kazetari daude preso; horietatik 121, Txinan.

Hossam Shabat kazetaria gogoratzeko protesta, martxoaren 25ean,  Jerusalemen. AHMAD AWAD / EFE
Hossam Shabat kazetaria gogoratzeko protesta, martxoaren 25ean, Jerusalemen. AHMAD AWAD / EFE
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 9a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hamabi hilabeteetan, munduan 67 kazetari hil dituzte lanean ari zirela. Horien %43 Israelgo armadak hil ditu, Gazan. Mugarik Gabeko Kazetarien datuak dira; gaur argitaratu du 2025ean hildako, bahitutako eta desagertutako kazetarien gaineko txostena.

Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, kasu gehienetan, haien herrialdean lanean ari zirela hil dituzte 67 kazetari horiek. Salbuespentzat jo dituzte Antoni Lallican fotokazetari frantsesa —Errusiako armadaren droneen eraso batek hil zuen, Ukrainan— eta Javier Hercules El Salvadorko kazetaria —Hondurasen hil zuten—.

Aurten hil dituzten kazetari ugari Palestinakoak dira (29 guztira). Eta, ondotik, Mexikon hil dituztenak aipatu dituzte txostenean: aurten, komunikabideetan lan egiten zuten bederatzi lagun hil dituzte herrialde horretan. Guztiak tokiko aktualitatearen berri ari ziren ematen, eta krimen antolatuak politikariekin duen lotura salatzen zuten. Ukrainan, errusiar droneen erasoek hiru kazetari hil dituzte. Sudango gatazka armatuak ere oso arriskutsu bihurtu du bertan kazetari lanak egitea, eta aurten herrialde horretako lau kazetari hil dituzte.

503 kazetari preso

Abenduaren 1eko zenbaketa aintzat hartuta, Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, munduan 503 kazetari daude preso. Horietatik 121 Txinako kartzeletan dituzte gatibu. Israel munduko «kartzelari handienetako bat» bilakatu dela salatu dute Mugarik Gabeko Kazetariek: hogei kazetari palestinar dituzte preso Israelgo erakundeek —horietatik hamasei azken bi urteetan atxilotu dituzte—. Myanmarren, 47 kazetari daude preso. Bestetik, txostenaren arabera, Errusiak du atzerriko kazetari gehien atxilo: 26 ukrainar; orotara, Errusiak 48 kazetari ditu preso bere kartzeletan. Azerbaijanen, bestetik, 25 kazetari daude preso. Afganistanen, zazpi kazetari daude ziegetan gatibu.

Beste datu esanguratsu bat eman dute Mugarik Gabeko Kazetariek: munduko 37 herrialdetako 135 kazetari desagertuta daude. Sirian, kasurako, 37 kazetari daude desagertuta; Quteiba al-Marei eta Thabet al-Muhaisen kazetariak Dahiyat Qudsayako kontrol postu batean atxilotu zituzten 2011n, eta orduz geroztik inork ez daki non dauden. Mexikon, beste 28 kazetari daude desagertuta.

Munduan hogei kazetari daude bahituta; horietatik bederatzi, Yemenen, eta beste zortzi, Sirian.

Manifestazioetan, «errepresioa»

Munduko herrialde ugaritan kazetarien manifestazioetan jasandako «errepresioan» jarri dute arreta Mugarik Gabeko Kazetariek. Ameriketako Estatu Batuetan, kazetarien aurkako eraso ugari izan dira aurten protesten berri ematen ari zirenean —Los Angelesen, soilik ekainean, 27 kazetariri eraso egin zieten segurtasun indarrek—. Serbian, 98 kazetarik jasan dituzte eraso fisikoak manifestazioetan. Nepalen ere eraso gogorrak pairatu dituzte kazetariek; Suresh Rajak Avenues TVko kameraria hil egin zuten, manifestazio baten irudiak hartzen ari zela. Ekuadorren, beste 55 kazetariri eraso diete segurtasun indarrek. Eta Indonesian, beste 30 kazetarik jasan dituzte erasoak.

Beren herrialdea utzi eta erbestera joan behar izan duten kazetarien inguruko datuak ere bildu dituzte Mugarik Gabeko Kazetariek. El Salvadorren «jazarpen handia» ari dira jasaten kazetariak, eta, horren eraginez, urtarriletik urrira 53 kazetari joan dira erbestera. Afganistan, Errusia eta Sudan herrialdeetatik kazetari ugari joan dira atzerrira, eta Mugarik Gabeko Kazetarien laguntza eskatu dute. 

Thibaut Bruttin Mugarik Gabeko Kazetarien zuzendari nagusiak ausardiarik eza leporatu die gobernuei, ez dituztelako kazetariak babesteko politikak martxan jartzen. «Kazetariak desprestigiatzeko kanpainak ere aintzat hartu behar dira. Kasu batzuetan, kazetariak 'terroristen konplizeak' direla esaten dute, eta modu horretan justifikatzen dituzte haien hilketak». Kazetarienganako gorrotoak aurten 67 kazetari hil izana ekarri duela salatu du Bruttinek. «Komunikabideei eginiko kritika legitimoa da, eta berme bat izan behar du, baina kazetarienganako gorrotoak, inoiz ez. Gure erantzukizuna da informazio fidagarria lortzeko eskubidea bermatzen dutenen ondoan egotea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.