Roland Weissman Austriako telebista publikoko zuzendariak 30 urte zeramatzan ORFn lanean. Dimisioa eman du, telebistan lan egiten duen emakume batek salatu ostean sexu eraso bat egin ziola. Zuzendaritza kontseiluak duela egun batzuk agindu zion dimisioa emateko; abokatuaren ohar baten bitartez, Weissmanek ukatu egin du langileak salatutakoa.
Heinz Lederer Austriako irrati-telebistetako zuzendaritza kontseiluko presidenteak eta Gregor Schutze presidente ondokoak jakinarazi dute ikerketa «bizkor eta gardena» egingo dutela, eta lehentasuntzat izango dutela salaketa egin duen pertsona babestea.
Austriako telebistako zuzendari berriaren izendapena urtearen amaieran egitea espero zuten, Weissmanen salaketaren berri eman aurretik. Urtarrilean hartuko du kargua zuzendari berriak.
Datozen hilabeteetan Austriako telebista Europako hedabide askoren fokupean izango da. Izan ere, aurten Eurovision Vienan egingo dute maiatzaren bigarren astean. Jaialdi horretan Israelek parte hartuko du, eta, parte hartze horren eraginez, Eurovisionera joateari uko egin diote Esloveniak, Islandiak, Herbehereek, Espainiak eta Irlandak.