Gaur gauean jakingo da nork irabazten duen ETB1eko Bago!az musika lehiaketa eta, beraz, nork lortzen duen Go!azen telesailaren denboraldi berrian pertsonaia baten rola jokatzeko aukera. ETB1ek 22:25ean emango du talent show-aren finala —ostiralean errepikatuko dute, 21:00etan—. Aurreko asteetan beste lehiakide batzuk gelditu dira kanpoan, eta lau gaztek lortu dute saioaren amaieraraino iristea: Iholdi Beristain, Maria Ereña, Karmele Gurbindo eta Iñaki Torralbo.
Zuriñe Hidalgok aurkeztu du Bago!az-en aurreneko aldia, eta hark iragarri du finala «harrigarria» eta «emozioz beterikoa» izango dela. «Oso zaila izango da irabazlea erabakitzea. Agian batek kantatzen du hoberen, baina beste batek espresio aldetik asko adierazten du. Coach-entzat zaila da izango bat hautatzea, maila oso handia delako».
Aurkezleak nabarmendu du, bestalde, saioaren esperientzia «oso sanoa» eta «naturala» izan dela: «Normalean, horrelako lehiaketetan pikeak eta lehiakortasun puntu bat egoten dira. Kasu honetan, lehiakideen artean familia handi bat sortu da, baita coaching-ekin eta saioko lantaldekoekin ere». Lehiakideen artean ez dela haserrealdirik egon azaldu du Hidalgok. «Datorren denboraldian Go!azen-en parte hartzeko aukera izatea motibazio bat da lehiakideentzat, baina ez bakarrik hori, baizik eta saio honen esperientzia. Hau da, abesti ezberdinak kantatzea, prestakuntza jasotzea, coach-ekin batera abestea...». Partaideek behin baino gehiagotan esan diote Hidalgori astero grabaketetara joatea opari bat izan dela beraientzat.
Aurkezlearen arabera, coach ospetsu bakoitzak une bakoitzean sentitzen zuena adierazi du. «Xabier Saldiasek negar egin du negargura sortu zaiolako, eta besteren bat zorrotzago jarri da horrela pentsatzen zuelako. Haien artean aniztasun handia egon da, eta horrek aberastasuna eman dio programari».
Hildagok ez daki Bago!az-ek bigarren aldirik izango duen, eta esan du oraindik goiz dela hori jakiteko. Go!azen-eko atal berriak udan grabatuko dituzte—egunotan, hautaproba batzuk Donostian eta Bilbon egingo dituzte—. «Atal berri horiek eman ostean Bago!az-en beste edizio bat egin nahi badute, guretzat bikain. Ea hala den».
Euskarazko talent show-ei dagokienez, Hidalgok uste du badagoela bidea egiteko: «Aukera berriei ateak ireki behar dizkiegu. Musikarekin lotutako saio asko egin daitezke ETBn. Banda batekin talent bat, hori ondo legoke»
'Bago!az'-en finala gaur ETBn
Iholdi Beristain, Maria Ereña, Karmele Gurbindo eta Iñaki Torralbo dira 'talent show'-ko finalistak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu