'Bago!az'-en txanda iritsi da

ETB1ek gaur estreinatuko du 'talent show'-a, 22:25ean; ostiraletan errepikatuko dute, 21:00etan

ETBk Miramongo estudioetan grabatuko du Bago!az saio berria. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2017ko otsailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Go!azen-en denboraldia amaitu zen, baina telesailaren arrakastari modu batean jarraipena emateko bidea aurkitu du ETB1ek: Bago!az izeneko talent show-arekin. Gaur estreinatuko dute programa, 22:25ean. Hala ere, ostiraletan 21:00etan —Go!azen-en ordutegian— berriro ikusteko modua izango da. Zuriñe Hidalgo izango da aurkezlea.

Hamahiru lehiakide arituko dira nor baino nor gehiago, hamar astez. Atal bakoitzean zortzi lehiakidek parte hartuko dute, eta horietako bat kanporatua izango da —aurreneko sei asteetan, kanporatuaren ordez beste lehiakide bat sartuko da—. Astero irabazle bat egongo da, boto gehien lortzen duena, eta immunitatea lortuko du hurrengo galarako. Agertokian, lehiakide bakoitzak pertsona ospetsu bat izango du bikotekide. Honako zortzi ospetsu hauek osatuko dute epaimahaia: Anjel Alkainek, Karmele Larrinagak, Xabier Saldiasek, Ylenia Bagliettok, Maria Amolategik, Iñigo Azpitartek, Alex Sarduik eta Go!azen-eko aktore batek —astero txandakatuz joango dira, eta gaur Paula Etxeberriak parte hartuko du—. Lehiakideek bi irakasle izango dituzte: Carlos Nguemak dantzan eta agertokian nola mugitu behar duten erakutsiko die, eta Joxe Mendizabalek kantatzeko irakaspenak emango dizkie.

Zazpigarren saiotik aurrera, kanporatuak diren lehiakideak ez dituzte gehiago ordezkatuko. Finalera lau lehiakide iritsiko dira, eta finaleko garaileak Go!azen-eko datorren denboraldiko aktore izateko aukera izango du.

Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendariak atzo aurkezpenean azaldu zuenez, hilabeteetan aritu dira Pausoka ekoizpen etxearekin batera formatua prestatzen. «Argi ikusi genuen musika eta dantza oinarri izango zituen formatu bat garatu behar genuela. Go!azen-eko hautaprobak ikusi genituenean, argi gelditu zen talentu asko dagoela Euskal Herrian. Hortik hasi ginen saio honi forma ematen». Programarekin «ilusioz beteta» daudela nabarmendu zuen ETBko ordezkariak. Entseguak ere saioaren parte izango direla iragarri zuen.

Go!azen telesaileko zuzendari Jabi Elortegik zuzenduko du Bago!az. «Hautaprobetarako deialdi erraldoi bat egin genuen. Horretatik hamahiru talentu edo lehiakide ekarri ditugu programara, eta aurrenekoan zortzi azalduko dira». Elortegik azaldu zuenez, binaka ariko dira kantuan. Lehiakide gazteetako batek pertsona ospetsuetako batekin batera kantatuko du. «Euskarazko kantak izango dira, baita ingelesezkoak eta beste hizkuntza batzuetakoak ere». Programaren helburu nagusia «ondo pasatzea» izango dela nabarmendu zuen Elortegik.

Hauek izango dira gaurtik aurrera Bago!az-en parte hartuko duten lehiakideak: Aitzol Ibarloza, Iholdi Beristain, Jonatan Yelamos, Maria Ereña, Endika Bengoetxea, Sara Nieto, Iñaki Torralbo, Maitane Lopategi, Imanol Cabrejas, Iñaki Ainziburu, Luka Azurmendi, Karmele Gurbiondo eta Sara Alonso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.