'Bago!az' talentu lehiaketaren bigarren sasoia abiatuko dute gaur

Iaz halako bi lehiakide izango ditu aurten, eta Revolta Permanenteko Iker Villa trebatzaile gisa

Kantuan eta dantzan trebeak direla erakutsi nahi dute lehiakideek; antzezten ere balio dutela frogatu beharko dute. ETB.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bigarren urtez, Bago!az talentu lehiaketa abiatuko du ETB1ek gaur gauean. Iaz bezala, Zurine Hidalgo abeslariak aurkeztuko du saioa, eta, asteazkenetan 22:30ean emango badute ere, ostiraletan berriz ikusteko aukera egongo da, 21:00etan.

«Bago!az saioaren lehen helburua jende guztiarentzat entrenigarri izatea da», esan du Jabi Elortegi zuzendariak. Bigarren helburua, lehiaketako irabazlea Go!azen telesailerako aktore bihurtzea da.

Iaz hamahiru lehiakiderekin abiatu zuten saioa, eta, aurten, 32 izango dituzte. «Jauzi handia da. Euskal Herria ez da Broadway, baina maila handia dago, gogoa dago eta jendea aurkeztu egiten da». Zuzendariak onartu duenez, beti dituzte arazo gehiago mutilak topatzeko, neskak baino. «Neskek maila handiago dute, eta gehiago aurkezten dira, lotsa gutxiago ematen dielako, agian».

Iazko plato bera erabiliko dute. Lehiakideak trebatuko dituzten aholkulariak ere iazko berak dira: Anjel Alkain, Karmele Larrinaga, Xabier Saldias, Ylenia Baglietto, Maria Amolategi eta Alex Sardui. Baina, aurten, salbuespen bat egongo da: Iñigo Azpitartek ez du jardungo, eta, haren ordez, Revolta Permanent elektronika-hip hop taldeko Iker Villa arituko da. «Profil gazteago bat bilatu nahi izan dugu», esan du zuzendariak. Lehen astean, Iholdi Beristain, iazko Bago!az-eko irabazlea eta Go!azen-eko aktorea izango dute trebatzaile taldean. Astero, aholkulari batek lehiakide bati lagunduko dio. Bakoitzaren ikuskizuna hainbat alderditatik landuko dute, lehiakidea «benetako artista» bilaka dadin.

Baina gatazka bati aurre egin beharko diete lehiakidek, Trebatzaileek eta epaileek: Bago!az-en kantua eta dantza izaten dira lehiakideek erakutsi beharreko trebezia nagusiak. Baina Go!azen-erako aktore bat aterako denez lehiatik, antzezle dohainak ere kontuan hartuko dituzte. «Badago gauza baterako aproposa den jendea, baina horren egokia ez dena besterako», esan du Elortegik. «Antzezpena, testu bat defendatzea, elkarrizketak ondo egitea...», hori guztia eskatu beharko diete epaileek aktoregaiei. Horretarako, zuzendaritza beti egongo da adituen gainean. «Haiek badakite zeren bila goazen».

Gaurkoan, Freddie Mercury, Shakira, Mick Jagger, Benito Lertxundi eta Glaukoma musikarien bertsioak entzungo dira, besteak beste. Talentu handia dago bazterrotan, Elortegiren arabera. «Gizartea aldatu da: sare sozialekin, Internetekin eta halako antzeko saioekin. Jende guztiak ezagutzen du Go!azen, eta gazteak txikitatik datoz abesten, dantzatzen... Go!azen oso fenomeno handia da. Egiten dugun harrobiko lanak gero balio du beste gauzetarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.