'Barrena' sortu dute Debabarrena eskualdean

Elgoibar-Mendaroko, Soraluzeko, Debako eta Ermua-Mallabiko tokiko euskarazko hedabideek bat egin dute.

'Barrena' komunikazio proiektuaren lantaldea, abenduan, Elgoibarren. TOKIKOM
'Barrena' komunikazio proiektuaren lantaldea, abenduan, Elgoibarren. TOKIKOM
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Debabarrena eskualdean (Gipuzkoa-Bizkaia) argitaratzen diren lau tokiko komunikabidek bat egin dute, eta Barrena komunikazio proiektua sortu dute. Debabarreneko tokiko informazioa landuko du. Duela egun batzuk ekin zion bideari eskualdeko komunikabide berriak, eta bi produktu kaleratzen ditu: Barrena.eus atari digitala eta Barrena paperezko astekaria.

Eskualde horretako Barren (Elgoibar-Mendaro), Pil-Pilean (Soraluze), Berriketan (Deba) eta Drogetenitturi (Mallabia-Ermua) komunikabideen baturatik sortu dute Barrena. Horietatik, lehen hirurak Gipuzkoako herrietakoak dira; eta laugarrena, Bizkaiko bi herritakoa. Tokikomek iragarri duenez, lau hedabide horien indarrak metatuz, «haiek ordezkatzea baino gehiago», eskualdeko komunikazioa «hobetzea» da hedabide berriaren helburua. 

Proiektua sustatu duten euskara elkarteek bat egiteak ondorio onak ekarriko dituela espero dute: «Marraztu dugun komunikazio proiektuak egitura indartsuagoa eta profesionalagoa izango du, eduki multimedia gehiago eskaini ahalko ditu, eskaintzak urrunago hedatzeko aukera emango die komertzioei eta, oro har, difusio eta inpaktu handiagoa izango du eskualdeko herritarren artean».

Egoitz Unamuno Pil-Pilean aldizkariko kazetari eta Barrena proiektuko bultzatzaileak hedabide berriaren ezaugarriak zerrendatu ditu: «Eskualdean erreferente izango den komunikabide bat sortzea da asmoa. Zabala eta sendoa, gaitasuna izango duena gaur egungo euskarrietara egokitzeko, eta debabarrendar guztiei bailara osoko informazioa euskaraz eskainiko diena paperean eta digitalean. Debabarrendar guztiok dugu eskubidea ondoko herrietako berri euskaraz jasotzeko, eta Barrena-k hori bera eskainiko du Debabarrenean, lehen aldiz euskaraz».

Era berean, Unamunok iragarri du datozen hilabeteetan «ahalegin guztiak» egingo dituztela elkarlana sortzeko eskualdeko ahalik eta eragile gehienekin. Bide horretan, Barrena-k lankidetza hitzarmena sinatu berri du Eibarko Arrate Irratiarekin, eta ondorioz, «irratiko audiorik esanguratsuenak» Barrena.eus webgunean ere entzun ahalko dira.

Egitasmo berritik aparte gelditu da, bestalde, Eibarko Eta kitto! aldizkaria. Mutrikuko (Gipuzkoa) albisteak, berriz, Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza hedabidearen barne landu ohi dira euskaraz.

Gobernantza publiko-soziala

Proiektu berriari aurre egiteko, Ermuko, Soraluzeko, Elgoibarko eta Debako euskara elkarteen artean Barrena Komunikazioa Koop. S. irabazi-asmorik gabeko kontsumo kooperatiba soziala sortu dute. Jabetza nagusia euskara elkarteena izango den arren, asmoa dute kooperatibaren gobernantzara beste bi hanka gehitzeko: langileak eta udalak. Aurten bertan, langileak kooperatibako lan-bazkide egingo dira. Eta udalak gonbidatu dituzte kooperatiban parte hartzera, bazkide laguntzaile gisa. «Izan ere, Barrena izaera publiko-sozialeko kooperatiba izango da», azaldu du Tokikomek.

Bestalde, Barrena-k hedabidearen komunitateko kide egiteko aukera eskaintzen die herritarrei Barrenakide figuraren bidez. «Herritarrek, Barrenakide eginez, aukera dute hedabideari lagundu, eta aldi berean, hedabideak bere komunitateko kideei eskainiko dizkien abantailak eskuratzeko: premium zerbitzuak, deskontuak, zozketak...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.