«Barruan mina dut ekoiztetxean ez didatelako entzun ere egin»

Abenduan, Prime Time Media ekoiztetxeak Egia kaleratu zuen. Bost urtez aritu zen 'En jake' saioan kronikak sakelako telefonoarekin egiten. Halakorik gehiago egin nahi ez izateagatik gelditu zen lanik gabe.

Mikel Egia kazetaria, Derion, otsailaren 6an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Egia kazetaria, Derion, otsailaren 6an. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 10a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prime Time Mediako arduradunek kaleratze prozesuan emandako tratuaz kexu da Mikel Egia (Derio, Bizkaia, 1994). Batez ere, ez ziotelako entzun. Telebistan lanean ari diren kazetari asko, aldiz, elkartasun mezuak helarazten ari zaizkio azkeneko asteetan. 

Noiz hasi zinen Prime Time Media ekoiztetxean lanean?

2019. urteko abenduan hasi nintzen, erredaktore gisa: bideoak editatzen nituen, prentsaurrekoetara joaten nintzen, ahots tarteak ateratzen nituen... 2020ko otsailean, Zaldibarko tragedia gertatu zenean, kaleko berriemaile lana egiten hasi nintzen. Hura azterketa baten parekoa izan zen niretzat. Ordutik kalera bidali ninduten kronikak egitera. Baina orduantxe eskaini zidaten mojo sistemarekin aritzea [kazetaritza mugikorreko sistemarekin], hau da, dena sakelako telefonoarekin egitea.

Zenbat denboran aritu zinen horrela?

Katalunian bagenuen lankide bat, sakelako telefonoarekin horrela aritzen zena. Ni 2020. urteko otsailean hasi nintzen, eta bost urtez ibili nintzen horrela, iazko otsailera arte. ETB2ko 'En Jake' saioan, hain zuzen. Egia da inoiz kolaborazioren bat edo beste egin nuela ETB2ko arratsaldeko programetarako, baina, halakoetan, kamerari batekin egiten nituen kronikak. Egunerokoan, autoa hartu eta bidaltzen ninduten tokira joan behar nuen: Donostiara, Gasteizera, Bilbora edo beste edozein herritara. Gainera, pandemiak harrapatu gintuen, eta bolada hartan berriemaileak funtsezkoak ginen. Euskal geografia ezagutu nuen, goitik behera. Eta den-dena bakarrik egin behar nuen.

Zer dakar 'mojo' sistemarekin lan egiteak, kronikak kamera batekin eta soinu teknikari batekin egitearekin alderatuta?

Batak eta besteak ez dute zerikusirik. Lehenik eta behin, kalitatea aipatuko nuke. Kazetari bati ezin zaio eskatu irudia ikus-entzunezko komunikatzaile batek zaintzen duen bezainbeste zaintzeko. Hasteko, nik ez dudalako hainbesteko ezagutzarik, ezta kamerari batek bezainbesteko sormenik ere. Eta bigarrenik, sakelako telefonoak bere mugak ditu, ematen duena ematen du. Nik dena egin dut sakelakoarekin, egin zitekeen guztia.

ETBko albistegietako atzerriko berriemaile batek sare sozialetan kontatu zuen zer-nolako tentsioa eta estresa sortzen duen batzuetan dena egin behar izateak. Ulertu dezakezu zer den hori, ezta?

Erabat, erabat. Enpatia handia pizten didate kideek, orokorrean, berriemailea izatea zaila da eta. Azken finean, edozer dela ere, bakarrik aurre egin behar diozu arriskuari. Gertatu izan zait zuzenean nengoela sakelakoa erortzea, haize boladengatik.  Ekaitzek ere harrapatu naute, modu horretan lanean ari nintzela. Euria egiten zuenerako, aterpe edo txoko bereziren bat neukan hiri bakoitzean. Zuzenekoetan bizirik irauteko modu bakarra zen.

Programako zuzendaritzan ez al zuten inoiz pentsatu beste modu batean funtzionatu zitekeenik?

Aurrekontu faltarekin lotzen zuten beti egoera. Ziur asko, haien esku egon izan balitz, kamerari bat jarriko zidaketen. Baina esaten zidaten kateak aurrekontu nahikorik ez zuelako aritu behar genuela horrela.

Bost urteren ostean, zer eskatu zenion enpresari?

Gaiarekin asko tematzen nintzen. Enpresan hainbatetan aipatu nuen gaia, eta soldatan plus bat eskatu. Hori, bederen, eman egin zidaten. Baina sakelakoarekin bakarrik ibili behar horregatik askotan kexatzen nintzen. Sekulako hotza pasatu nuen batzuetan... Negar ere egin nuen. Oso gaizki pasatu nuen. Eta kezu nintzen, egoera horrek estresa eta antsietatea eragiten zizkidalako. Azkenean, bost urteren ondoren, kamerari bat jartzea lortu nuen. 2025eko otsailean izan zen hori.

Zer gertatu zen gero?

2025eko uztailean, aldaketa batzuk izan ziren Prime Time Mediak ETB2rako egiten dituen saioetan. Maitane Bastidak aurkezle izateari utzi zion, eta kalera atera zuten. Horrekin batera,  hilabete batzuk lehenago jarri zidaten kameraria galdu nuen. Aipatu zidaten postu bat bazela erredakzioan, eta onartu egin nuen. Irailean erredaktore hasi, eta horretan aritu nintzen abendura arte.

Eta orduan?

Abenduaren 21ean mezu bat bidali zidaten esanez sakelako telefonoarekin kronikak egiten zebilen lankidea gaixo zegoela, eta Espainiako Loteriaren egunean ni joateko sakelakoarekin bakarrik lanera. Erantzun nien sentitzen nuela, baina ezetz, bazekitela zer pentsatzen dudan 'mojo' sistemaz. Bagenuela hitzezko akordio bat, eta ez nuela halakorik egingo gehiago. Biharamunean lanera joan nintzen, astelehena zen, baina ezustekoa hurrengo egunean iritsi zen.

Diziplina espediente bat jarri zizuten. Zergatik?

Konfiantzarik ezagatik, konfiantzaz abusatzeagatik eta diziplinarik ezagatik. Haiek argudiatzen zutenez, hutsegite oso larri batengatik. Enpresari kalte ekonomiko handia eragin niola ere esan zidaten. Uko egin nion diziplina espediente hori sinatzeari, eta abokatu bati deitu. Lau eguneko epea eman zidaten alegazioak aurkezteko. Lau egun horietan, berez, ez nuen lanera joan beharrik, baina joan egin nintzen. Eta gero iritsi zen kaleratze gutuna. Esan zidaten ezin zutela onartu egin nuena. Hori guztia gutxi balitz bezala, adierazi zidaten lau egun horietan ez nuela joan beharrik, eta joatea diziplinarik ezaren beste adibide bat zela haientzat.

Zure abokatuak zer egin zuen?

Abokatuak idazki bat bidali zien, eta jakinarazi auzitara joko genuela. Ekoiztetxea salatzeko prest nengoen. Abokatuaren idazkia ikusi zutenean, esan ziguten kaleratzea bidegabea zela eta kalte ordaina ordainduko zidatela.

Telebista publiko batean nola justifikatzen da horrelakoak gertatzea?

Mila gauza egin nituen sakelakoarekin, manifestazioen berri eman han eta hemen... Eta badut errua gertatu zen horretan. 'En jake'-n hasi nintzenean 25 urte nituen. Txoko bat bilatu nahi nuen, leku bat egin mundu horretan eta lanean. Beraz, nire errua izan zen gehiegi ematea.

Baina ETBk aurre egin beharko lieke prekaritatearen adibide horiei?

Zalantzarik gabe. Halako konexioak ez baimentzea litzateke lehen pausoa. Niretzat etsigarria izan zen ohartzea ekoiztetxean ez zidatela entzun ere egin. Esan nien estres ikaragarria sortzen zidala sakelakoarekin kronikak egiteak. Eta ekoiztetxeak ez nau entzun. Kontziliazio saioan enpresako inor etorri ez izana ere mingarria izan zen. Mina dut barruan, inork ez didalako entzun eta inor ez delako kezkatu.

Baina sektoreko langileen elkartasun mezuak jaso dituzu, ezta?

Bai, izugarria izan da. ETBko kazetari, berriemaile eta aurkezle askok deitu edo idatzi didate. Baita Tele5 eta Antena3 kateetakoek eta beste hedabideetako batzuek ere. Lankide ohiek ere maitasun handia helarazi didate.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.