BBCk bi mila langile kaleratuko ditu hiru urteko epean

Erresuma Batuko irrati-telebista publikoak 575 milioi euro murriztu nahi ditu taldearen gastuak.

BBCren Londresko egoitza, artxiboko irudi batean. GUILLERMO GARRIDO SERRANO / EFE
BBCren Londresko egoitza, artxiboko irudi batean. GUILLERMO GARRIDO SERRANO / EFE
urtzi urkizu
2026ko apirilaren 16a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioartean erreferentziazko komunikabidea izan zen duela hamarkada batzuk BBC Erresuma Batuko irrati-telebista publikoa. Baina haren eragina nabarmen apaldu da azkeneko urteetan. Nahikoa kezka ere bada Britainia Handiko telebista horretan gaur egungo testuinguru digital berria dela eta. Aurrekontuekin ere badituzte nahikoa arazo, eta egunotan iragarri dute hiru urteko epean bi mila langile kaleratuko dituztela —lantaldearen %10 inguru—.

BBCren arduradunen asmoa da taldearen gastuak 575 milioi euro murriztea, «finantza presioei» aurre egiteko. Murrizketa plan horrek badu bere testuingurua: datorren urtean, Erresuma Batuko Gobernuak eta irrati-telebista publikoak estatutu berriak negoziatuko dituzte. Izan ere, gaur egun, telebista aparatu bat etxean duten herritarrek urtean 200 euro ordaintzen dituzte, kanon bidez, eta hori da BBCren sarreren oinarririk sendoena. Baina litekeena da laster horretan aldaketak izatea.

Zuzendaritzan ere aldaketak izango ditu BBCk. Maiatzaren 18an, Matt Brittin zuzendari nagusi izendatuko dute —Tim Davieren tokia hartuko du—. Iazko azaroan aurkeztu zuen dimisioa Daviek, AEBetako presidente Donald Trumpen diskurtso baten edizio lan manipulatuaren eraginez sortu zen iskanbilaren ostean. Zuzendari berria izango dena, Brittin, Google konpainiako operazioen presidentea izan zen Europarako, Ekialde Hurbilerako eta Afrikarako. «Arrisku handiko garai batean gaude, baina benetako aukerak ere hor daude», esan du berriki Brittinek. «Erresuma Batuak BBC oparo bat behar du, denentzat funtzionatuko duena, mundu konplexu eta ziurgabe batean. Korporazioak abiadura eta energia behar ditu, istorioak eta audientziak dauden tokian egoteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA