Bueltan da BERRIA FM euskarazko podcast feminista. Ane Eslabak eta Uxue Reyk aurkezten duten saioaren denboraldia gaur hasiko da, eta bi astean behin argitaratuko dute atal bakoitza —asteazkenetan—. 2023ko martxotik hona, Euskalerria Irratiaren estudioetan grabatu dute podcasta —beste toki batzuetan ere egin dituzte emanaldi batzuk—, eta hemendik aurrera Txalaparta argitaletxearen egoitzan grabatuko dute. Edizioa BERRIAko ikus-entzunezko taldearen esku geldituko da, ohiko moduan.
Kazetaritza feminista egitea dute xede Eslabak eta Reyk, eta, hain zuzen ere, gaurko atalean Pikara aldizkariak urrian antolatu zuen kazetaritza feministako kongresua ekarriko dute gogora. Han izan ziren Zuriñe Rodriguez kazetaria eta Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendaria, eta haiekin hitz egingo dute podcastean. Hedabideetan feminismoak ardaztutako lerro editorial bat izateak esan nahi duenaz mintzatuko da Mujika. Rodriguez, berriz, sexu indarkeria ikertzeaz eta horretaz informatzeaz ariko da.
Datozen ataletan, argitaratu berri diren liburu feminista batzuk arakatuko dituztela iragarri dute podcastaren bi esatariek.